Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

 

ANDERE (URDIN HURA)

 

        Euskara eta gaztelania ez ziren elkarrekin sartu historian. Euskarak mailegu ugari hartu zituen latinetik bertatik gaztelaniari eskatu behar izan gabe.

        Idatzia ez da derrigorrez —errazago ulertuko da egun, ebooken sasoian— liburuan edo paperean idatzia dagoena. Etxepare oker zegoen euskara «ezein eskripturan» erideiten ez zela zioenean.

        ANNIVS

        DVNOHOXSIS.F.

        CALVA.CASSILLI.F.

        VXOR.ANDERE.FILIA

        FILI.EX.TEST

        Bi mila eta gehiago urte ditu idatzi honek.

        Okzitaniako Tuluson ikusten ahal da, harrian zehatz zizelkaturik, Musée Saint-Raymond-en, Saint Sernin plazan, Capitole plazatik bost minutura oinez.

        Gure filologoek ez dute esan ahal izan faltsutze bat denik, ez hori ez beste hainbat.

        Euskarak historia luze ilun eder gorri andere urdin lo bat dauka, historiaren historia bat, idazten ari dena, direna, garena.

        Milaka urte ditu zibilizaturik.

        Afrikako eta Amerikako hizkuntzen aldean Europako hizkuntzek omen daukaten nagusigoa azaltzeko idatzia erabili izan zuten kolonialismoaren ideologoek: idatzirik ez daukanak historiarik ez daukalako leloa. Horregatik «oro burlatzen» ziren gure lenguajeaz, Etxepareren kexamendua.

        [...] el poder puede manipular mucho mejor la palabra escrita que la palabra hablada. El poder busca la adoración, la fidelidad y la vinculación «al texto». Porque el texto y el poder se identifican en algo: en su estaticismo.

        Idatzia izan ez dena —paperean, jakina— historiarik gabekotzat hartzea ez da horratio zientziatasun handiko argudioa. Menturaz horregatik egin du halako sustrai luzea zientziakeria horrek, geroko gerogarrenetan hor azalduko da europar askoren jardun zientifiko ez ideologikoan. Adibidez unibertsitateetako irakasleetan, fonologia laborategietako zuzendariak edo hizkuntzalaritza funtzionalaren elkarteetako lehendakariak izanagatik:

        Langue parlée dans la Péninsule bien longtemps avant l'arrivée des invasions indo-européennes, le basque n'est attesté par écrit qu'à partir du Xe. siècle, mais uniquement dans quelques phrases difficiles à interpreter ou dans des noms de lieux.

        Maitagarriak dira frantximantok, euskararen antzinatasuna Penintsulari oparitzen diote Akitania ahantzirik.

        Badakite, bistan da, gatazka kokatzen eta mugapea kolonizatzen.

Jose Maria Sanchez Carrion. Lengua y Pueblo. Elkar, 1980

Henriette Walter. L'aventure des langues en Occident. Robert Laffont, 1994

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus