—7—

 

        Politikari abertzaleek, eskuinekoek zein ezkerrekoek, gaztelania eta frantsesa erabiltzen dute maizenik. Ezein politikari ez da kexu, alabaina, gaztelaniaren erabileragatik, ezta abertzaleak ere. Erdarak batu egiten ditu, hizkuntza gehiengotu guztiek sortu duten suprahizkuntza da erdara, mezu baztertzaile estaltzaile suntsitzaile guztien sorburua. Ez zaie otuko «denek» dakiguna erabiliz hizkuntzen erabilera ezerabilera alderdikoia egiten dutenik.

        Bitxia zinez, alderdi politiko batekoek salatzea inork ezer politikoki erabili izana: salaketa horrekin, ez ote dira beste horrenbeste egiten ari? Zirkulu bat da, lizuna. Komeni ere hala zaie erdaldun manipulatzaileei, euskara manipulatua izatea.

        Zergatik ez ote da manipulatu behar euskara?

        «Guztion ondarea delako».

        Euskaldunondako ez da ondare bat. Ez gara Unescoren lepotik bizi. Erdaldunendako da ondare. Eta gatzerdiko politikari abertzaleendako.

        Erabili ez eta erabiltzen duenari instrumentalizatu egiten duela egoztea hizkuntzari eginiko erasoa da barren: utz dezagun euskararen defentsa publikoa talde edo multzo jakin batzuen esku (ahal delarik, erradikalak) hizkuntza bera kakofonia batean honda dadin.

 

 

izar zaharren metala

zilarra balitz bezala

ez da erraza surtan erretzen

gezur iharren ezpala

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus