IDENTITATE ARAZOAK

 

        Estatuak indar militarra erabiliz itxiarazi zuen Euskaldunon Egunkaria 2003an, ETArekikoak egotzita. Akusatua zegoen delitu terroristatik zuritu dute tribunalek aurten, fiskalak berak hala eskatu zuen. Aznar lehendakaria ez dute auzipetu ezein deliturengatik, ez adierazpen askatasuna zanpatzeagatik, ez kazetari errugabeak atxilotzeko agintzeagatik, ez atxilo zeudela torturatzeko agintzeagatik, ez froga faltsuak erabiltzeagatik.

        Nazio bat zanpatu eta akabatu ere egin liteke. Azalgorriak nazio bat zirela suposatuz, azalgorrien nazioaren eboluzioa ikusi behar ote da gaurko nazio iparramerikarrean, eta ez lur berean goitik behera doan nazio baten alboan beste nazio baten jaikiera behetik gora, hura suntsitzen? Ez dezagun berriro tranpa egin. Auschwitz ez da nazio juduaren eboluzioan germanizaziorantz urrats handi bat. Bohemia ez zen nazio txekiarraren eboluzio alemana. Horregatik dago identitate nazionalaren arazo bat Euskal Herrian, txikizioa egon delako, eta soluzioa eskatzen du. Hori horrela ulertu dute txekiarrek, poloniarrek, lituaniarrek, egoera berdintsua jasan izan duten denek. Espainian bakarrik nahi da bestela ulertu.

        Euskara arriskuan dagoela jakinarazi zigun Unescok 2008an, eta estatu espainiarra ez zen asaldatu, ez zuen aurrekontu berezirik sortu etorkizun den gure (bere) hondamendi eremurako. Aurrekariak ezagutzen baititugu, baliteke poztu izana.

        Identitate arazoak ditu, handiak gero, estatu espainiarrak.

Lorea Agirre. «Joxe Azurmendi: 'Oso untzi hauskorreko argonautak gara euskaltzaleok'». Elkarrizketa. Hegats, 45 zenb. 2010

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus