Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

 

OMBUA ETA AMATEA

 

        Arbolak, zuhaitz zehatz bi. Ez ditugu Euskal Herrian aurkituko.

        Ez dira Euskal Herrikoak, bai ordea Euskal Herriarenak: euskarak eman dizkio lurra ez den lurrari. Euskarak handitu egiten du Euskal Herria. Ez da eslogan bat, kuantifikagarria da.

        Ombuaren hostajean laketzen zen Pedro Mari Otaño Pampako zabaldegi haietan, 1900, herri-minak jota. Herri-minaren bertsorik bikainetarikoak ditugu: han dago eta hemen egon nahi luke, hura asko maite du baina beste batean behar luke, etxeaurreko intxaurpean. Poesia leienda egin zedin, Otaño Ameriketan hil zen, eta han dautza bere hezurrak.

        Euskal lurrean nahi zuen hil, sentimentala zen.

        Ombua, euskararen leku probisionala da. Amerika ez da euskal. Alta, ombua Euskal Herriarena da geroztik, euskararen leku mitikoetarik bat. Esan liteke euskaldunok ombu bana daukagula orain geure penak entzuteko.

        Otañok ombuaren rola ezarri zuenetik mende erdira, 1950, beste poeta handi batek, Orixek, amateari kantatu zion Ekuadorren.

Gogoan daukat haur nintzaneko Musulungo pagopea,

izerditurik arrisku baitzan itzal hartan esertzea;

baina sargori zegonerako goxoa bai ohatzea!

Goxoagorik aurki dut hemen Amateren gerizpea.

        Intxaurrondoa bezain zuhaitz tradizionala du oroit Orixek Ameriketan, pagoa. Eta horra non ez duen haren gerizpea huts ematen. Goxoagoa du amatearena. Musulungo pagopea? Dagoela han, nonbait, urrun!

        Ameriketan kausitu du bakea eta patxada Orixek: euskalduna izateko arazorik ez daukan leku bat. Euskalago zen Ekuadorren, «bere Larraunen» baino.

        Otañok intxaurpearen gerizpea hobetsi zuen, Orixek amatearen itzala.

Bil-bil egin naiz neronengan hauspean sua bezala,

pizturik nagon, itzali naizan, neronek ez dakidala.

Hortik aurrera hau dakit soilik: grina batek naramala...

Pago harena baino hobe zait amate honen itzala!

        Ez dauka herri-minik. Orixek ez du «euskal» den ezer behar. Barruan daukan grina adierazteko hizkuntzaren jabe da, eta aski du. Otañok Unamunori egotzi bezala, Orixe Euskal Herritik alderago dago «beste munduan», Ameriketan, euskal herritar asko baino. Euskara mundua interpretatzeko tresna dugu.

        Hizkuntzak, euskara murriztu honek, egiten gaitu unibertsal. Paradoxikoa iduri lukeen arren, handiena izaten da probintzialismorik handiena, txipiok txipitasunetik dakigu ez garela munduan nagusi ibiliko, biztanle xume izateko jaio ginela, beste askoren eta bestelakoren arteko.

        Ez gara territorialak, gure territorioa euskaraz egin litekeen edozein gerizpe da.

        Edozein gerizpe... adibidez?

        Poema bere testuinguruan ezarririk, esan dezagun poetak bazeukakeela 1950 hartan, 1900ean baino areago, arrazoi objektibo bat —barnekoitasunik sakonena bezain indartsua— Euskal Herritik alde egiteko, Ameriketan geratu nahi izateko: euskaldunak ez ezik, euskara ere desterratua zegoen berea duen lurretik, debekatua ezabatua zigortua. Hormatik, paperetik, ahotik.

        Gure territorioa euskaraz egin litekeen edozein gerizpe da, baina non ote da euskaldunok hartuko gaituen gerizpe hori? Non da lurrari herri esan geniezaiokeen lekua?

        Euskara itzaltzen ari da eta poetak munduaren ederra kantatzen du euskaraz. Erresistentzia modu bat, leku inposibleak egokitzen hizkuntzari.

Pedro Mari Otaño. Bertsoak. Auspoa, 1994

Orixe. Idazlan guztiak I. Sorkuntzazkoak. Etor, 1991

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus