GIZAKIDUNAK ETA LURRALDEDUNAK

 

        Renfe-k, Espainiako tren zerbitzu (oraino) publikoak ematen digu hiztunak dituzten hizkuntzen eta lurraldeak dituzten hizkuntzen eskubide desberdintasunaren eredu polita, euskararen ko-ofizialtasunaren legea betetzearen alde eginiko urratsean.

        «Hurrengo geltokia...»

        Euskal Herriaren barruan bakarrik entzun ahal izanen du horrelakorik bidaiari euskaldunak Madrilerainokoan. Gasteiztik harat ez dago euskarazko abisurik. Handik hona berriz gaztelania hutsean hartuko ditu konpainiaren mezuak Miranda de Ebroraino.

        Lurralde batera mugatu da gizaki euskalduna, bere eskubideak ez dira unibertsalak.

        Madrildik Irunerainokoa euskal herritarrek betetzen dute nagusiki, eta are nabarmenago Irundik Madrilerainokoa, trenean. Ez dute haatik euskarazko mezurik entzunen Gasteiztik harat.

        Euskaldunok kilometro batzuetan gara gizaki. Gero ez. Araba utzi dueneko, trenak ez darama euskaldunik.

        Erran gabe doa, noski, Renfe-ren (halamoduzko) euskarazko mezuek gaztelania dutela beti aurretik, ingelesa ondoan. Gaztelania gizakiduna da izan ere, ez lurraldeduna, eta Irun-Madrid horretan ez dabil frantsesik.

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus