DURANGOKO ESKOLA UMEAK, 1802

 

        Umeak jolasean ari diren eskola ingururaino ekarri du Astarloak jakintsu alemaniarra. Umeen zalapartari geratu da erne.

        —Zer da hori...? Ume hauek ez dira euskaraz ari!

        Ez dio ezer ihardetsi, barre triste bat egin du gure euskalariak. Intxaurrondo handi baten gerizpea proposatu dio, enborraren inguruan ume batzuk bere buruarekin xuxurlan ari diren hartaraxe datoz.

        —Entzun...!

        Maisuak eraztuna ematen dio astearen hasieran umeren bati. Ume honek erregea du izena. Erne egon behar du eskolako umeetan nork egiten duen hitzen bat euskaraz eskolan edo eskolatik lekora eskolako besteren batekin, eta eraztuna ematen dio. Honek berriz kontu berari egon behar du erne, eta eraztuna eman, eta horrela batak besteari.

        Astearen amaieran maisuak eraztunaren galde egiten du, edo nor eta nor diren elkarri eman diotenak. Hauek denak besoak gurutze jarri behar dira, atorra atze aldetik jaso, eta zigorra ematen zaie. Horrela, gorroto hartzen diote beren naturari.

        Baina eskolako umeek saihestu egiten dute debekua. Bateren batek zer edo zer esan nahi baldin badio inori, zuhaitzari esaten dio, izarrari, eta gisa berean erantzuten dio besteak.

        Izar-zuhaitzak, gure hizkuntzaren alegia.

        Hostoak galdurik, berritu egiten da.

        Hilik dago, eta argi ematen jarraitzen du.

        Umeek bakarrik dakiten poetikan.

        Umeek bakarrik.

        Erresistentzian dute ikasten.

        Gerrilla linguistiko bat balira bezala.

        Bihar ihes eginen dute gauzak aldrebes paratzeko.

        Zenbaitek galdua du esku bat, askok ditu biak galduko.

Guillermo de Humboldt y el País Vasco. Eusko Ikaskuntza, 1925

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus