Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

 

MIHIA BEHEGAINEAN

 

        Zergatik transkribatu ote zituen Emeterio Arreseren isileko ilun haiek bere hartan Jose Maria Donostyk, eskolapioen kexamenduaren beldur barik? Sinetsi egin zizkiolako, ziurrenik. Nolatan utzi ote zuen argitaratzen horrelakorik zentsurak? Gerraondoko larderia inperiala apaldua zelako lekukotasun hura argitaratu zen 1969an, elebitasuna modako hitzetan azaltzen hasia zelako eta, oroz gain, mihiarekin zoruan gurutzea egin behar hura aspaldiko kontuetan sartu beharra zelako eta ez zelako eskola publikoak maisu maketoak hezkuntza frankistak eman zigorra bezala ageri, Tolosako eskolapioetako praktika berezia izan zitekeen.

        Bizkaian berdin zuten ezagutzen.

        Patxi zigorraren ihesi dabil, egun larunbata da eta astelehenean, menturaz, ahantzi eginen zaio maisuari inor zigortzeke iragan zuela astea. Lagunak ez dira eraztunaren zigorraren beldur, baina eskola ihesian dabiltza haiek ere, gaztelania ez zaie aski erakargarria nonbait.

        Txomin.- Sasi-eskola, e Patxi?

        Patxi.- Zetan joango naz eskolara? Maisuak behearen ganean mihinagaz kurutze bat eragiteko? Ez nabil.

        Ez, ez dago okerrik: «beien ganean miñagaz».

        Hementxe dauzkagu Morvan Lebesqueri eskatzen zizkioten frogak: euskaraz hitz egitea tu egitea da, zoruan nardagarri dagoen karkaxa jaurti duenak berak irentsi beharko du mihia lagun zorutik. Hemen gurutzea eginez izatea, eskola katolikoak zeremoniari eransten dion bereizgarria da.

        Ume euskaldunak nozitu izan du le crachat breton.

«Sasi-eskola. Atal bateko eresi-erausi umeentzakoa». Euskaltzale, 1898-07-07

Morvan Lebesque. Comment peut-on être breton? Essai sur la Démocratie française. Le Seuil, 1970

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus