Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

 

ZAZPIOK

 

        Xahok eta Abadiak «Zazpi Uskal Herrietako Uskalduner» eskaini zieten beren gramatika 1836an.

        Zazpi euskal herri ditugu, gara, beraz.

        Diotenez, Jean Jaurgainek eman zion Zazpiak leloari lehen arnasa politikoa, 1897an zazpi probintzien harmarriak bakarrera bildu zituelarik.

        Ordurako «Zazpiak (Bat)» aski zabaldua zen poeten eta bertsogileen artean.

        Gratien Ademak, Zaldubi bertsogile handiak 1893an datatu zuen kantu ezagunean, honela dio:

        Zazpi euskal herriek bat egin dezagun...

        Bat egin (ahal izan) dezagun, zein ote da baldintza?

        ...guziak beti, beti, gauden gu, eskualdun.

        Beti euskaldun izatea da bat egitearen baldintza: mintzairak egiten gaitu bat. «Gauden gu», alegia, gutasunean irautea, gu geu izanik, euskalduntasunean: gauden gu (zazpiak), bat egin dezagun (euskaran); gauden gu (euskaran), bat egin dezagun (zazpiek).

        Ia mende bat geroago, Urko kantari donostiarrak kalejirako doinua ipini zion kantu honi, popularra bihurtuz. «Zazpi euskal herriak» izenarekin grabatu zuen, gero «Agur Euskal Herriari» esan izan zaio. Jatorrizko titulua, Zaldubik ezarri ziona, «Gauden gu euskaldun» da, mezua laburbiltzen duena. Agindu bat da funtsean, edo nahikari bortitz bat.

        Erdaldunduko bagina, ezin bat izan.

        Euskara mugaz gaindikoa da, aspalditik. Hark egiten gaitu bateragarri. Euskararik gabe, sakabanaturik gaude.

        Euskarak ez du bereizten, batu egiten du. Batasunaren baldintza da, hain zuzen. Eta batasunak bateko zazpi egiten gaitu nontasuna ematen ahal diolako hizkuntzari: zazpitasun egituratua, erakundeak, leku bat.

Gratien Adema, Zalduby. Kantikak eta Neurtitzak. Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus