—6—

 

        Munduan beste asko bezala...

        Horrela hasten dira gure herri-ipuinak. Ez gaude bakarrik munduan, eta beste askorena kontatzen dugu esanez ez gaudela munduan beste inor gabe.         Mendiaren ostean ibaiaz haraindian itsasoaren harako ertzean badagoela beste lurralde bat, are usantza musika kolore ederragoak dauzkana, bestelako mintzaira bat.

        Mundu horietakoak ere bagarela.

        Munduko garela, munduaren kontzientzia daukagula.

        Eta badakigula ez gaudela bakarrik munduan, beste anitzek (ere) osatzen duela eremu (latz) hau, beste mundu asko dituela munduak.

        Eta badakigula ez garela bakarrak gure okerretan gure okerrenetan.

        Munduan beste asko bezala: kontatuko dudan ipuina munduan izateko modu bat besterik ez da.

        Euskaraz, munduko gara egiten. Leku bat baldin badaukagu, hizkuntzak emana da. Haren bitartez markatzen dugu muga eta lotura. Beste asko bezalakoa da gure mundua, anitz bestez egin dugu geure.

        Horregatik daukagu esan bat munduan, geurea.

 

 

hegoak orbel daroa

latin papertu harroa

harrian guk zer idazten dugun

zelataka barbaroa

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus