EZ DOGU NAHI BIZI

 

        Imanol Urbietak sortu eta zuzenduriko Zarauzko Haur Kantariek grabatu zuten Arrese-Beitiaren kantua, eta geroztik belaunaldi askoren ondare kulturalean daukagu:

        Euskeldun jaio ginan, euskeldunak hazi

        Euskeraz euskulako amak erakutsi

        Euskera laztan maite zabiltz gugaz beti

        Euskera hil ezkero ez dogu nahi bizi.

        Asko esatea da, beroarena kendu behar zaio, maitasun deklarazio guztiei bezala noski. Amodio bat galdu, beste bat heldu. Ez dugu geure burua trenbidera botako. Larregikeriak maite ditu poetak, zelan biziko gara bada, euskara salbu ikusi arte bizarra moztu barik?

        «Aitaren etxea» poemaren jarraipena edo argitasuna sortu zuen Gabriel Arestik, poema hark zeuzkan interpretazio alderdikoiak eragozteko, menturaz. Hala baldin bazen, ez zuen lortu. Inork gutik aipatzen du «Kapitain pilotu», zehatzegia da, sobera esplizitua, manipulatu ahal izateko:

        etxe zaharraren teilatuaren

        azpian

        iraunen dut...

        Latin itsasora atera gabe.

        Nire etxea,

        mendi artean ainguratu zen

        ontzi zaharra,

        nafar haritza,

        kantabres teila,

        euskal harria...

        Zure sutan errerik

        hiltzen banaiz ere.

        Aitaren etxeak zutik iraunen zuen. Semearenak lur jo lezake, suak kiskaltzen ahal du. Nahiago du bertan hil, latin itsasora irten baino.

        Egoera larriek jarrera heroikoak probokatzen dituzte. Edo deklarazio handiosak. Nekez egozten ahal zaizkie ordea euskaldunon makurdura ideologikoei. Inork ez du identifikatu Aresti abertzaletasun politikoarekin. Euskal Herriko haur galegoak galegoz eskolatu behar zirela defendatu zuen, ez genuen euskararen totalitarismoaren militantea. Eta horrelakoa ez izanagatik tragedian bizi du euskararen egoera eta etorkizuna, hizkuntzaren biztanlea da.

        Euskara galduko bada

        erdaragatik

        gal benazate betiko

        ama

        ni berarekin

Gabriel Aresti. «Aitaren etxea». Harri eta Herri. Itxaropena, 1964

Gabriel Aresti. «Kapitain pilotu». Euskal harria. Kriselu, 1967

Gabriel Aresti. «Auhenaren pentsamendua 13». Harrizko herri hau. Kriselu-Lur, 1970

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus