IBAIEN ARTEAN

 

        Frantziari Hexagonoa esan izan zaio, forma hori dauka, forma geometriko bat, bizitza era arrazionalean antolatzen diguna. Le Corbusier.

        Espainiak zezen-larruaren itxura omen dauka. Larruarena, hila izan behar baitu, zezenketaren batean menturaz, eta horregatik burubakoa. Aldi berean zezen eta zezen-hiltzailea dugu Espainia, la pell de brau. Furia eta artea batzen ditu bere idurian. Pablo Picasso.

        Mendebaldean

        Missouri eta Bravo del Norte artean

        Ameriketako Estatu Batuak ditugu.

        Ekialdean

        Beltza eta Sungari ibaien artean

        Txina dugu.

        Iparraldean

        Rhin eta Elba ibaien artean

        Alemania dugu

        Hegoaldean

        Orange eta Olifants ibaien artean

        Hegoafrika dugu.

        Hemen

        Ebro eta Aturri ibaien artean

        bihotza dugu.

        Euskal Herriaren mapak bihotzaren itxura dauka. Ez zientzia ez furia da gurea. Sentimendu bat, besterik ez.

        Euskara ez da ezein ibairen artean kokatzen ahal.

        Zeren antza ote dauka bere soslaiak?

Ignazio Aiestaran. Sentimenduen Iparrorratza. Elkar, 2003

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus