ETB 2

 

        TVGk, Galiziako telebista autonomikoak, ez du gaztelaniaz emititzen, eta TV3k, Kataluniako telebista autonomikoak, hain guti. ETB gaztelaniaz (ere) emititzen hasi zen 1986an. Egun hartan egoitzan zeuden langileek ez zekiten zer gertatuko zen, polizia espero zuten, autonomia estatutuan ez baitzen horrelakorik ezer adierazten, gaztelaniaz (ere) emititzea estatuaren ahaltasun linguistikoari aurre egitea zen.

        Madrilen norbait ohartu zen, estatuaren kupulan, bost urte euskara hutsean emititzen egon ondoren euskal nazionalistek ezin zutela edo ez zeudela gerturik edo ez zitzaiela komeni euskara hizkuntza nazionala bihurtzea. Eta estatuak ez zuen kalapitarik sortu, kalkulatu zuen euskararen inferioritatea sekulakotzeko modua zela bere buruari euskal zeritzon erakundeak gaztelaniaz (ere) emititzen hastea.

        Abertzaleen garaipen politikoa gaztelaniaren garaipena izan zen: euskarazko esparru autonomoa izan behar zena erdal katearen mendeko bihurtu zen ekoizpenaren maila gehienetan, eta egundaino.

        Erdaldunek ere badituzte beren mugalariak.

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus