LA MAISON DES QUATRE FILS AYMON

 

        Erdi Aroko zaldun nobela baten titulua da, eta handik hartua du egun Robec errekaren bazterretan tindatzaileek sortu Eau-de-Robec karrika politean dagoen XV. mendeko etxe normando batek Rouen-en. Etxe horretan, inoiz sona txarrekoa izana, Musée National de l'Education daukagu orain.

        Denetarik daukazue bertan, kartilak arbel txikiak arbel handiak tresnak gela itxuratuak mapak argazkiak abezedarioak txartel informatiboak bideoak entzuteko aurikular eramangarriak, zernahi, mendez mende eskolak eta pedagogiak eginiko garapena ikusi ahal izanen duzue. Alta, ez duzue atzemanen frantsesdunak ez ziren haurrei buruzko informazio mikorik, korsikera katalana okzitanoa euskara bretoiera alsaziera egin duten eta eskolan landuak punituak pulituak bestetuak izan diren milioika haurrek ez daukate historiarik.

        Ahalke ote dira beren ondare pedagogikoaz frantximentok?

        Irakurtzen jakin behar da, Musée National de l'Education jartzen baldin badu, seinale da Musée de l'Education National dela.

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus