—11—

 

        Lehen arrazaz mintzo zitzaizkigun, gero burezurrez, orain genea aipatzen digute, euskaldunon genea, rh berri hori.

        Aspaldi deskubritu genuen guk.

        Duela bost mila urte hemen bizi ziren haien ondorengoak garela esatea, mito hutsa da. Denbora-espazioan jarraitasun bat behar du nazionalismoak, baita abertzaletasunak ere, nazionalismoaren harraren gaitz guztiak mimikoan dituen nazionalismo apal horrek.

        Odolak nahasi egin dira, populazioak migratu lekutu aldatu egin dira, elkar hil eta suntsitu dugu, eta beti eman izan diogu elkarri hitza, belaunez belauneko katea.

        Euskaldunok eduki dugun arbaso bakarra hizkuntza izan da. Euskarak osatzen du gure antzinatea, nola gertatu den?

        Zertarako behar dugu mito sortzaile bat, kateatze genealogiko bat, hizkuntza baldin badugu euskaldunon ko-herentzia?

        Euskaran bizi den orori herritasuna ematen dion leku politikoa da gure hizkuntza. Ez du deusen frogarik eskatzen. Inor ez du ezer ez du ez arrotz ez atzerriko. Malgutasuna duen identitatea ematen du euskarak: horregatik iraun du egundaino, horregatik iraun lezake beste horrenbeste.

        Ilaun itaun belaun garaun amaraun.

 

 

euskalduna jende basa

atertzen ez duen jasa

mintzaira utzi galtzera baino

gurago galdu arnasa

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus