PARISTIK EZ DATORREN ARTISTA

 

        Ahal duen gisan, eskuarte ahulekin, behar baino militante gutiagorekin... Alta, Barnealdeak erresistentzia bat dauka antolatua, buru egiten dio turismatzeari, ez du folklorearen sasi-kultura egin nahi, eta Paristik paraxutatu kulturari ber gisan egiten diolako uko da kontuan hartzekoa. Antton Luku dugu oraino subentzioaren eta bulegotzearen politikak manukortu ez duen kontrakultura egiten duten borrokalarietarik bat.

        Frantzian ez dago Bartzelona bat. Paris da hiriburu bakarra, eta handik aparte ezin da kulturarik izan. Naoned, Estrasburgo, Bordele daude, bai, baina negoziatu behar da beti, eta Baiona, esaterako, hirugarren eskalan da. Beraz, Baionan jasaten dugu kultura. [...] Jende bat euskaldun sentitzen da euskara jakin gabe. Ulertzen dut. Baina Iparraldean, orain arte, hitz horrek bazuen zentzua. Eta nik ez dut beste sistemarik ikusten euskal kultura definitzeko, euskara baizik. Beste toki batzuetan desagertu da herri kultura hori, baina guk badugu. Txikia da, baina mikrokosmosa da. Hori transmitituko bagenu, tokiko hezleak promozionatuko bagenitu, kultura zabalagoa, finagoa eta interesgarriagoa izango genuke Paristik heldu zaizkigun gauzak baino.

        Barnealdea Kostaldearen aurka, alegia, Euskaldun kontzeptu kulturala Basque kontzeptu folkloriko-komertzialaren aurka, herriaren Argitasuna piramidearen Itzalaren aurka: hitz kritikoa publizitate-kultura gainditzeko, jasan beharretik bertan sortzera.

        Gatazkan gaude, zorionez. Daude, zoritxarrez.

Alberto Barandiaran. «Kultur proiektuek egiten gaituzte jende. Euskal kultura Ipar Euskal Herrian zertan den azaltzen aritu da Antton Luku antzerkigile eta idazlea, Iruñean». Berria, 2009-02-28

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus