EZ GINENA IKASTEN
Aita kartzelan,
Segovian,
Cuellarko gaztelu zaharraren
itzal hotzaren
itxaropen hertsian;
bizi-alargun ama,
hara ta hona
laguntza eske behin eta berriz
fusilamenduen dardara larriz.
Ni
ezbeharraren
sareetan
nintzen erori,
ta maisuaren
atzaparpetan
«En pie, flecha de España,
Falange victoriosa...»
nuen ikasi,
ta irabazleen
haundikeriazko harrokeria eroan,
galtzaileen
isiltasunezko beldur itoan,
ekinaren
okerraren
leloan
(«Tú no te llamas Mikel,
tú te llamas Miguel!»
«¡Oye, tú, aldeano,
habla en cristiano!».
Calvo Sotelo,
Onésimo Redondo,
José Antonio Primo de Rivera,
Franco, Franco, Franco...
¡Arriba España!»)
ez nintzena izaten
irakatsi zidaten.
Mikel Zarate. «Haurra izan nintzen baina...» Bizipenen bultzadaz. Leopoldo Zugaza editor, 1978
© cc-by-sa Koldo Izagirre