AZKEN EUSKALDUNA

 

        Gertagarri hori, munduan euskaldun bakarra geratzearen proiekzioa, 1966an azaldu zen Hernanin, euskaldunak ziren eta euskaldunagoak izan nahi zuten gaztez mukuru zegoen aretoan.

        Azkenean, gizona ohearen gainean etzaten da, eta milagro batez lokartzen baldin bada, amets itsusiak ditu. Euskera bere ama dela, eta besartean duelarik, hil egiten zaiola. Bere anaiak deitzen ditu bere laguntzan, eta ez datoz. (Bateon batek entzuten badu, barre-algara zipriztin batekin erantzuten dio). Eta orduan olerkaria lurretik zutitzen da, eta penaz eta ezinbestean kantatzen ditu bertso batzuk, gero, hurrengo biharamunean, ogiaren eta egiaren alde burrukatzen duen bitartean, taigabe kolpeatzen dutenak bere kopetan. Lehenengo biak euskeraz, mundu guztiari adierazitzeko ama hiltzen zaiola; baina inork ez dio aditzen, inork ez baitaki euskeraz, eta erderaz kantatu behar du; eta hau da, ene lagunak, azken euskaldunaren heriotzea, berekin euskeraren izen poetikoak dakarzkiena.

        Orduan Azken euskaldunaren heriotzea (Euzkadi año 2.000) poema errezitatu zuen poetak artega Euzko Gudariak doinuan, euskaraz hasieran, baina poemako poetari poemako munduak ulertzen ez dionez, beste hizkuntza batean gero. Martin Ugalderen Ama gaxo dago antzerkiaren emanaldi poesiaratua izan zen, Arrese Beitiaren Ama euzkeriari azken agurrak zaharraren eguneratzea. Eta herriaren alienatze linguistikoa obratu baitzuen Arestik hantxe, beldurgarria izan zen euskararen abandonatzaileei eginiko salaketa hura hain garbi, hain aurpegira, hain erdaraz, hain denek jakin zezaketenera, hain katastrofean amildua.

        Aquellos que juraron darte hacienda y vida

        después ocasionaron tu profunda herida

        La que ahora te tiene toda ensangrecida

        por donde a borbotones se te va la vida.

        Juraron darte vida y te dieron muerte:

        no llores, madre mía, solo yace inerte.

        El poeta maldito no puede quererte

        y sí aceptar tu misma desdichada suerte.

        Un aire gris se lleva estos cuatro puntos

        y suena como un triste toque de difuntos.

        En las alas del viento dejo mis asuntos.

        Quiero yacer contigo. Moriremos juntos.

        Azken euskaldunaren azken finak gertakizun zen errealitate bat ekarri zien begi bistara gazte haiei, eta konfabulatu egin ziren halakorik gerta ez zedin: mila oihu mila izkribu mila pintaketa mila bilera mila antzerki mila hitzaldi mila gau-eskola mila kontzertu mila atxiloketa tortura kartzela heriotza ezagutu zuten bizia emateko euskarari.

        Ez zuten hil nahi.

Gabriel Aresti. Euskeraren izen poetikoak. Hitzaldia. Hernani, 1966

Gabriel Aresti. Artikuluak. Hitzaldiak. Gutunak. Susa, 1986

www.susa-literatura.eus [poema osorik Gabriel Arestiren ahotsean]

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus