NORA NONDIK

 

        Urruntasuna aipatzeak erreferentzia nagusitzat daukagun lurralde mugatu eta gertuko bat suposatzen du, absurdua da beraz munduan barrena alderrai bizi (izan) den herriari urruntasuna aipatzea, judua omen da solas hau:

        —Nora zoaz?

        —Sao Paulora

        —Urrun!

        —Baliteke, baina urrun, nondik?

        Pasadizoa nonahikoa izan liteke, Euskal Herrikoa berbarako.

        —Nondik urrun?

        Lurralde honetarik, agian.

        Gure hizkuntzatik, egunero egon gintezke Sao Paulon hemen.

        Ordeztu dezagun urruntasuna antzeko beste kategoria batekin.

        —Zer ari haiz ikasten?

        —Euskara

        —Zaila!

        —Baliteke, baina zaila, nondik?

        Kategoria ezartzen duenak, oro har, ez du bere burua kategoria horretakoa egiten, ez du konprenitzen —ez berehalakoan behintzat— berari berea gertatu zaion bezain erraza gertatu zaiola besteari berea, eta zailtasuna edo erraztasuna ez dela objektiboki ezar litekeen maila hizkuntzetan. Argitasun apur bat beharko du konprenitu ahal izan dezan euskaldunari edo bretoiari edo alemanari edo errusiarrari edo ingelesari gaztelania, frantsesa ikastea zaila egiten zaiola ikusteko.

        Bera ere kategoria batean ezar lezake besteak.

        Arrazionaltasunaren hizkuntza omen denak, L'Encyclopédie burutu zuenak, Frantziako frantsesa ez besteak des patois qu'on abandonne à la populace zirela erabaki zuten burutsu haienak, arrazionaltasunaren arrazionaltasunez, ortografia irrazionala dauka frantses (idazle) askoren aburuz. Aldaketak proposatzen dira aldiro, erraztearren. Ez dute ezer aurreratzen. Zaila gertatzen zaie.

Juan Carlos Moreno Cabrera. Sobre la complejidad y dificultad de las lenguas: el caso del euskera. Revista de lenguas y literaturas catalana, gallega y vasca. Año: 2007-2008, Número: 13

e-spacio.uned.es

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus