VOYEUR LINGUISTIKOAK EZ DAKUSANA

 

        Zer egiten dugu euskaldunok ez-erakargarri izateko? Aspergarriak gara? Ez dugu festarik antolatzen? Ez dugu abestirik sortzen? Txarrak dira gure kantariak? Gure literatura ez da plazerez irakurtzen ahal? Bertsolari erdaldunak baino grazia gutiago dute gureek? Zatarrak gara denok? Nor bezain sexy izan behar dugu?

        Gure zatarra deitoratzen zuen berak, PSEk, erakargarritasunaren eredu, Osakidetzan sortu behar omen zituen bost mila lanpostuetan ez zela euskararik eskatuko bota zigun 2009ko hauteskunde kanpainan. Urte bete geroago, eskuin atzerakoienarekin, PPrekin eginiko hitzarmenari esker EAErkidegoan agintzen dagoela, sozialistek euskara jakitearen estatusa ezarri dute: mérito izanen da, ez requisito, justiziako kargulanta izateko.

        Hori jakin dugun egun berean ikasi dugu, 2010-03-30, beren Hizkuntza Politikako sailburuordeak dimititu egin duela. Arrazoi pertsonalak omen tarteko. Eta alegia deus ez, dena biltzen duen esaldirik politikoena:

        Berria.- Eta hemendik aurrera zer?

        R. E.- Etxekoek ezagutzeko moduan bueltatu naizela frogatu ondoren, bizi, duintasunez bizi, euskararekin bizi.

        Oztopoz eta jukutriez askiturik, Nafarroako Euskara Kontseiluko aholkularien gehiengoak (Aierdi, Epaltza, Satrustegi... hamabi lagun!) dimititu egin zuen 1999an, eta 2008an, presioz eta tratu txarrez itota, ahal izan zuten teknikariek ihesari eman zioten Nafarroako euskararen erakunde nagusitik, Euskarabidetik.

        Euskara bera ez-erakargarri bihur liteke euskaldunarendako, bai.

Agurtzane Solabarrieta. «'Porrot pertsonala izan da hau'. Bere gain hartu du Etxezarretak kargua uztearen erantzukizun osoa. Ukatu egin du desadostasunak izan dituela lan taldearekin, baina aitortu du ez dela bere 'estilokoa'» Elkarrizketa. Berria, 2010-03-30

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus