ARBOLA

 

        Erotikaren eskuliburu sona handiko hura, Kamasutra euskaraz argitaratu berria zela azaldu zen apirileko arraina bezala (abenduaren 28an, oker ez banago) egunkari batean aspaldixko, Egin ote zenetz. Huraxe asmatu zutenek ez zuten askorik usteko halako zalaparta harrotuko zutenik... Espainian. Irizlari eta orozlari guztiak espantu batean, zelan zen hori posible, otoitz egiteko sortua zen hizkuntzan... Noiznahi dauzkagu gure atezuan: egiten badugu egiten dugulako, eta egiten ez badugu balio ez dugulako.

        El vascuence es una lengua tan primitiva que desconoce, por ejemplo, lo que serían universales, es decir, la idea de 'árbol', que es una idea que existe en lenguas avanzadas (no como el vascuence), en el vascuence no existe. El vascuence como lengua muy primitiva tiene 'las hayas', 'los pinos', 'los chopos' pero no tienen 'árbol'. Para hablar del árbol han tenido que tomar un préstamo del castellano, que es el 'arbola'. Y en ese sentido, claro, es una lengua en la cual todavía el desarrollo de la mente humana no se da cuenta de que hay universales, vive todavía sobre la base de los particulares.

        Eman dezagun Cesar Vidal jaunak arrazoia daukala, eman dezagun euskaldunok oilo zozo eper birigarro ahate kurlinka amiamoko esaten dugula hegazti esan beharrean, behi behor urde ardi esaten dugula abere ezin esanez, erla antxoa legatz urraburu esan behar izaten dugula ez daukagulako arrain bezalako unibertsalik, eman dezagun «arbola» hartu behar izan dugula, Iparragirre ez garenok barne, zuhaitzen unibertsala adierazi ahal izateko, latinari edo, nahiago badute, gaztelaniari kenduta.

        Ez ote litzateke hori bera nahikoa froga, euskara hizkuntza eboluzionatua dela esan ahal izateko? Ez ote litzateke horrenbestez frogatuko giza-garuna garatzen laguntzen duela euskarak (bere eskastasunei esker!), adierazteko hutsuneak betetzera behartzen gaituenez?

        Bestearena berean hartzen eta onartzen duenak, berea garatzen du.

        Besteari leku egitea da kultura.

        Horregatik iraun du euskarak, birjintasuna galdu zuelako duela bi mila eta gehiago urte.

        Ondikotz, erratua dabil Vidal jauna:

        ZU(H)AITZ «árbol (bravío)»: Cita Azk., de *zur-aritz (zuaritz está atestiguado y el vizc. ant. aretx significa «árbol».

        Euskaldunok, beraz, garaiko modaren bati jarraiki, «arbola» inportatu genuen aretxa ordezkatzeko, gaur egun frantsesek cool eta espainiarrek feeling ekarri duten bezala batere premia linguistikorik gabe. Edo latinaren prestigioak —gaztelaniaren prestigioak— liluratu egin zituen gure antzinako intelektualak, eta «arbola» hobetsi zuten erdal hedabideen presiopean, aretxa desplazatzeraino.

Cesar Vidal. Cadena Cope irratian, 2008-01-27

www.escolar.net

Juan Jose Arbelaiz. Las etimologías vascas en la obra de Luis Michelena. Kardaberaz bilduma, 1979

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus