ERAKARTZEKO EZINTASUNA 1

 

        Uler liteke euskara ez zaiola erdaldunari erakargarria zenbait komunikabide handiren eta jauregiko irizlari ez gutiren kanpainek euskara terrorismoarekin batzen saiatu direlako, lortu dutelako hori sinestea euskal herritarren kopuru batek.

        Katalunian ez dago terrorismorik, baina...

        [...] les campanyes anticatalanes són la expressió de la impotència dels espanyols per assimilar-nos. La seva incapacitat de seduir-nos politicament i culturalment els provoca la catalanofòbia, per la cual cosa només s'imaginen l'assoliment dels seus objectius imperials pel sistema de la violència.

        Gezur batzuk sinestea ongi datorkie euskarari eta euskaraz sortuari muzin egiten dietenei, erakargarritasun ezaren argudioa erabiliz. Eta beharbada zinez usteko dute beraiek xarmagarriak direla, besteok begi-kliska huts batekin limurtzeko ahalmena daukatela, berezko edertasun zoragarri bat, seduktore hutsak direla, liluratzeko jaioak.

        Eufemismoak bazter utzirik —komenientzia politikoak ere bai, ziurrenez—, Juan Inazio Hartsuagak garden eta gordin zehaztua du zein den hizkuntzen erakargarritasuna:

        Euskararen inposaketa indarra gazteleraren inposaketa indarra berdintzeraino emendatu behar dugu euskarak bizirik eta osasun onean irautea nahi badugu. Euskarak gaur egun duena baino inposaketa indar handiagoa eskuratzen ez badu, galdu egingo da erremediorik gabe.

Francesc Ferrer i Gironès. Catalanofòbia. El pensament anticatalà a través de la història. Edicions 62, 2000

Juan Inazio Hartsuaga. Euskararen egoerari irizten. Hiria, 2009

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus