ESTRABON, PLINIO & CIA

 

        Intelektual tanzaniarraren irriak gaiztoa iduri luke gozoaren itxuran, umorez emanen dio gizaki zuriari bere herriak, Afrika osoak, urteetan pairatu duen menpetasun kulturalaren berri, swahilia utzita aise ingelesez, erreportari frantsesek eskatu dioten elkarrizketan.

        —Esploratzaile ausart hari, John Hanning Speke-ri, hona iritsi zelarik 1856an, ez zitzaion bururatu hemen bazirela bera baino zatiaz lehenago iritsitako pertsonak, eta pertsona horiek bazekitela hau aintzira handi bat zela...

        Kamerak atzerako zooma egin du, intelektual tanzaniarra uraren bazterrean dago.

        —Ez zuen galdetu nola esaten zioten bertakoek aintzirari, eta Victoria eman zion izena, bere erreginaren omenez. Horrela izendatu du munduak geroztik, Lake Victoria. Oraino ez digute galdetu nola duen izena.

        John Hanning hark tradizio handi baten ohitura segitu zuen. Kasik bi mila urte lehenago, bazterrok ikusi edo ez, bertakook caristio, vardulo, vascon, autrigon... omen ginen, tributan sakabanatuak, idatzi zuten Estrabon grekoak, Plinio erromatarrak eta beste hainbatek. Izen horiek edukiko dute nonbait arrazoiren bat edo biga. Jakingarria litzateke. Luzera gabe ager vasconum eta saltus vasconum eremuak markatu zituzten, vascon inposatu zen.

        Hitz egin ote zuten kronikari haiek, zinez, zinezko vascon batekin?

        Egin bazuten, ez digute mikorik kontatu: ez zer hizkuntzatan mintzo ziren, ez nola esaten zioten bere buruari.

        Katu bat, etxe bat, arbolak, mendiak,

        lurra, esnea, eguzkia, hodei gorriak, hautsontziak,

        harriak, pentsamenduak, zaratak, bizitza,

        leku bat, intsektu baten firfira, leihoak, egia, ogia,

        berakatzak eta loreak, alfonbra bat,

        izarak lehortzen, haizea, hostoak durundioan,

        amildegia, altuera, izpiritua, aingeruak, musika,

        zakur bat izutua, tximinia berriak,

        oilategi karrankaria, gizon-emakumeak...

        Hauxe baino ez nuen ikusi lur basatietan.

        Horixe da Plinio zaharrak ikusi zuena, berak aitortua da Txuma Murugarrenen ahotsean. Ez zien deus galdetu bertakoei, nola esaten zioten katuari adibidez, zer izena zeukan katuak, katua «katu» zela ikasi baino lehen, zer izen zeukan arbolak, «arbola» zela ikasi baino lehen... Edo ezkutatu egin zigun haien esana, inperioaren zerbitzuko intelektuala zen.

        Alabaina, lur basatietako biztanle haiek bere hizkuntza zeukaten, ez grekoa ez latina. Eta izen bat zeukaten, bat, bere burua aurkezteko.

        Bestelakoa ezarri ziguten antzinako inperioaren idazlariek, gu biztanlebako lakua edo mendia edo erreka bagina bezala. Eta egundaino iraun du haiena, baita geure burua aurkezteko ere, euskal herritar anitzetan.

        Ezizen hori, ezizana ere bada.

FR3ko Thalassa, le magazin de la mer programan ikusia orain urte batzuk. [Azken sei hilabeteetako artxiboak bakarrik dauzkate kontsultagarri]

Txuma Murugarren. Gauak, neskak eta maletak. Gaztelupeko Hotsak, 2003

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus