AIZARNAZABAL REVISITED

 

        Erreka zokoan lantegiak dauzkan muino batean kokatua, eliza zahar, udaletxe apal dotorea, frontoia, eskola, plaza, denek elkar ezagutzen duten bizitokia. Horixe izan da Aizarnazabal luzaz. Orain espaloi berri bat dauka Goiko Kalean, hirigintza garatu du: pareta-bitarteko etxe multzo bat, bideo-atezainekin, igerileku pribatuarekin. Patziku Perurenak irrizorrotz salatu izan du, inork egitekotan berak emanen digu kale beteko bordaberrismo honendako izen egokia, merezi duena.

        Burges-koxkorraren ametsa, pribatukeria, etxe sarrera langatuak Aizarnazabalen, egitura urbanoan sortu tumore larri, lorategi itxituratuak, itxiturak keretaz itsutuak, eta gora behatuz gero, Aizarnazabalen, Eguberriz, Papa Noel ageriko zaizu urbanizazio berriko etxeetako balkoietan...

        Pareta-bitarteko multzo hesituok ez ote dira zirkulazio librearen traba, topagunearen aitziko, hizketaren etsai, hitzaren ukatzaile?

        Urteak joan eta urteak etorri isilik onartu dugun hirigintza deserritzailea nagusitu zaigu, countryak hartu du leku publikoaren puska on bat. Eta hitzak ezin du zirkulatu inguru antisozial horretan.

        Hitza? Zertarako?

        Hain zuzen, traba arkitektonikoak ezarri dizkiogu.

        Zein bizi dira hor? Nongoak ote dira? Ikusi al dituzu?

        Pareta-bitarteko herritarrak bihurtu gara, ziega hiperkonektatu banatan bizi gara auzoari uzkur bizkar beldur.

        Izan liteke Aizarnazabal edo Bakio, Lekunberri edo Larraul, edozein herri edo auzo, ertain edo txipi, udala ezker edo eskuineko, hitzaren aurkako eraikuntza ageri da, ekonomikoki eta kulturalki iraungarria ez den moldean.

        Eta euskarak garapen iraunkorra eskatzen du.

Patziku Perurena. «Arima txurrigereskoa». Dakiguna ikasten. Alberdania, 2007

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus