Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

 

TRABARIK EZ BAINA

 

        Hemeretzigarren mende amaieran, hor nonbait, euskaldunok esnezaleen monopolioa geneukan Buenos Airesen, baginen zer edo zer, ekonomikoki indartzen ari ziren gure kolonoak, ez Pampan bakarrik. Hainbat Euskal Etxe sortu genituen, gure enbaxada ezin ofizialak. Zazpiak Bat izenekoa mustu zenean kantatu zituen Otañok gero hain ezagunak eginen ziren Zazpiak Bat bertsoak.

        Ama Euskera! bere semeak gu Ameriketan zenbat

        arkitzen geran! Ta urrutitik maiteago degu hanbat:

        hemen ez dago Bidasoarik ta beste trabik han hainbat.

        Ama maitea indartu dedin, bizi bedi Zazpiak Bat.

        Ameriketan ez genuen trabarik Ama Euskera maitatzeko (Euskara eta Euskal Herria identifikatu egiten dira maiz Otañorenean eta beste askorenean), haatik ez genuen kolonia linguistikorik sortu. Gaztelanian integratu ginen, ez genuen nahikoa kontzientzia eta ahalmen politikorik ukan leku libre bat sortzeko gure hizkuntzari. Montevideo, Buenos Aires... gure hiriburu galduak.

Pedro Mari Otaño. Bertsoak. Auspoa, 1994

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus