SEME-ALABA HIZKUNTZA

 

        Amarena, aitarena, senideena, izeba-osabena, lehengusuena, haurtzaindegiko zaindari eta lagunena, eskolako etsaiena... magma handia da ama hizkuntza esaten zaion hori, ama-umeak inguru sozialean daudelako txertatuak. Eta apurka, ohartu gabetarik, haurrak ama adoptatzen du, bere hizkera ez da amarena edo aitarena, beste zer edo zer baizik: ikustekoa da zeinen harro irakasten dizkion umeak gurasoari ikasi dituen hitz berriak, ez da legidu esaten irakurri esaten da, esaldi barregarriak bost kakatan plost.

        Familiaren historia linguistikoa historia sozialaren isla da.

        Euskara ez da ama euskaldunen esklusiba, beste edozein hizkuntza legez ekar liteke ingurutik etxera, altzora, haurtzarora, gaztarora, heldutasunera... kontzientziaren maila guztietara.

        Haurrak (ere) irakasten die ama hizkuntza (berri) bana gurasoei, eskutik helduta paseatzera ateratzen dituen bezalaxe.

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus