KOLONIALISTEN
LUZERA BIKO NEURKINAK

 

        Frantziaren manupean dagoen Reunion uhartean kreoleraz mintzo da biztanleen gehiengo handia, eta ez daki frantsesez. Kreolera honek frantses jatorriko bokabularioa dauka —bestelako adierekin—, eta badu malgaxetik, hinditik eta urdutik, Nepalen ere mintzo den pakistaneratik. Egitura berezia dauka, eta ez da inolaz konprenitzen ahal frantsesetik. Alabaina, kolonizatzaile frantsesek beti esaten dute «gaizki hitz egindako frantsesa dela», kreolera ez dela hizkuntza berez. Eta frantsesaren aldaera zabarra besterik ez dela frogatzeko, patois bat, hiztunek hitz frantses «deformatuak» erabiltzen dituztela argudiatzen dute. Biziki interesgarria da.

        Gaztelaniaren árbol, adituen arabera, latinaren arbor dugu.

        Ave, adituen arabera, latinaren avis dugu.

        Pez, adituen arabera, latinaren piscis dugu.

        Inork ez du esaten árbol, ave edo pez horiek «deformatuak» direnik. Gaztelaniazko hitzen jatorria latina dela erakusten dugularik, etimologia egiten dugu. Ez dugu esaten ahal gaztelania patois bat denik, «latin deformatua».

        Frantsesaren arbre, adituen arabera, latinaren arbor dugu.

        Ez dugu esaten ahal frantsesa «zabar ahoskaturiko latina» denik, latinaren patois bat.

        Frantsesaren poisson, adituen arabera, latinaren piscis dugu, peis zaharretik «garatua» (ez are deformatuagoa), izen bereko landare batekin ez nahastearren.

        Nork esan behar die frantsesei latinaren erabilera zabarra egiten dutela?

        Frantsesetik latinera egiten badugu, etimologiatan ari gara.

        Kreoleratik frantsesera egiten badugu, ez gara etimologiatan ari.

        Euskaratik latin etimologietara egiten badugu, geure hizkuntzaren ezintasuna ari gara frogatzen.

Axel Gauvin. Du créole opprimé au créole libéré. Défense de la langue réunionnaise. L'Harmattan, 1977

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus