NAZIONALISMOA

 

        Nazionalismoaren sorreran, berdintasuna dago beti. Egalité aipatuak ez du berdintasun soziala adierazten. Denok bat izateko behar den inposaketa da, bestela ezin iritsiko garelako Fraternité ederrera.

        Nazionalismoaren sorreran, lengua común kontzeptua dago, mintzatzearen berdintasuna. Komunitate bakarra gara. Hizkuntza bakar eta orokor horren dohainen atzean, patria común kontzeptua dago. Hizkuntzak aberria egiten du.

        Horrela da Errepublikan, Monarkian edo 2008ko ekainean Madrilgo Ateneoan aurkeztu zen demokratarik demokratenen manifestuetan, Manifiesto por una lengua común.

        Nola mintzo behar zaio kolonia metropoliari, periferia zentroari, nazioa estatuari? Bere hizkuntza ez beste batean. Lengua común hori, lengua exclusiva da, baztertzailea, exclusivamente en castellano mintzatu behar zaienez estatuari eta estatuzaleei. Kanpo uzten dituzte gainerako hizkuntzak.

        Dagokion bezala esanda, lengua común hori lengua excluyente da.

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus