—9—

 

        Peru zaharrean, 1532, azaroak hamasei egun triste zituela Cajamarcan, espainiarrak Ataw Wallpa azken enperadore inkarengana.

        Zer egiten du apez horrek han, Francisco de Pizarroren ondoan?

        Liburu bat dakar eskuan Jainkoaren ministro Koroaren morroi.

        —Zuek diozue Kristo Jainkoa dela, eta hil egin zela. Nik Ilargia eta Eguzkia gurtzen ditut, hilezkorrak. Nork irakatsi zizuen Jainkoa dela unibertsoaren sortzailea?

        Mila ezpataren ahoa baino odolgiroagoa den liburua erakutsi zion Fray Vicente de Valverde domingotarrak.

        —Hau Jainkoaren hitza duzu!

        Hartzen du inkak liburua, belarrira eta hitzik ez, liburua mutu. Lurrera Ataw Wallpak.

        —Jainkoa ukatu du!

        Eta Jainkoak, aita Valverderen bitartez, Bibliaren bitartez, Elizaren bitartez, konkistako gerra justifikatzen du.

        —Kristauok, Ebanjelioak hankapera jaurtiak! Justizia eta mendekua!

        Pizarrok ezpata atera eta bakean bildua zegoen jendea kanoika triskatzeko agindu zuen.

        Eskubiderik ukaiteko, menderatzailearen kulturakoa izan behar duzu. Zure jokamoldea, haren kulturatik epaituko da. Ataw Wallpa prest zegoen Jainkoaren hitza entzuteko. Francisco de Pizarro analfabetoa zen, bere zibilizazioaren kodeak zekizkien ordea. Topaketa aberasgarri bat izan zen.

 

 

herdoil gainera landurra

garabi lepo makurra

memoria bat kendu zidaten

nendin kateko zakurra

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus