HIZKUNTZAK DAMAIGUN
ZERTASUN AGIRIA

 

        Eskubide bat gauzatu baino, egitate (zinez) demokratiko bat obratzen dugu inori euskaraz egiten diogunean: zu nire multzokoa izan zintezke, ni bezalakotzat hartzen zaitut, ez zaitut nire hizkuntza-komunitatetik aldez aurretik kanporatuko.

        Horixe esaten ari gara, euskaraz egiten diogun orori.

        Euskalduna zira? galde egiten duelarik auto-stopean hartu zaituenak, ez du erran nahi Bidarten bizi zirenez, ez eta ere zure amamak Urzurigaray izena ote zuen, net futitzen da hortaz. Erran nahi du sinpleki: nola mintzo gira, euskaraz ala frantsesez? Beste definizioak bai direla etnizistak. [...] Munduan ba ote da populurik auto-definizio hain irekia duenik? Euskara ikasten duzu, ziup, automatikoki euskaldun zira, ongi etorri klubera eta puntu.

        Ez dakiela esan digunari otu ote zaio zergatik egin diogun euskaraz? Ibiliko ote zaio gogoan guri arrunt normala iduritu zaigula bera (bezalako bat) euskalduna izatea?

        Edonongoa izan liteke euskalduna.

        Euskaldunak edonongoa onartzen du euskaldun.

        Euskarak ez du inor arrotz (hemen).

        Euskarak ez du inor (arrotz) hemen.

Antton Luku. Euskal kultura? Pamiela, 2009

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus