Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

 

FUNTZIONALTASUNA

 

        Euskara dakitenek, erdaldunen eta euskaldunen arteko saldo handiak, irakaskuntzako eta administrazioko milaka kargulantek, ez denek, multzo linguistiko berri bat osatzen dute, ez euskaldun ez erdaldun. Euskaldun funtzionalak dira lanean, erdaldun funtzionalak bizitzan.

        Hizkuntza jakin dakite, ez dira euskaldunak, ez dute euskara sufrimendu eta harrotasun. Beren euskara oposaketa batean eskatzen den araberakoa da. Euskaldunak pairatzeko edo artatzeko beste ikasi dute, eta aski zaie. Teknikoki, herritar euskaldunak ez die deus aurpegiratzen ahal, lehen esanean konprenitu ezina beharbada, zenbaitzuetan.

        Lanean ere ez dute euskaraz egiten beraien artean. Publikoari egiteko da, mostradoretik edo leihatilatik haratagokoa, edo arbelaren ondokoa, ikasi dutena. Ikasi egin dute, euskaldun izatearen atarian gelditu dira, sartu gabe. Arau bat betetzeko behar dute. Ulertzen dute zelan edo halan, hitz egiteko gai dira, ez ditugu euskaldunak, zeharo erdaldunak izan gabe euskara dakien multzoaren zati dira, samalda berria, administrazioak sustatu euskara morroituaren adibide pertsonifikatua: behartuz gero funtzionatzen dute, hiztun pregrabatuak dira.

        Elebitasun hau prozesu baten barruan saiatzen gara kokatzen, baina ez gaude seguru nolakoa den prozesua, ez dakigu euskaldunok tokian tokiko nahikoa masa daukagunetz euskaraz dakiena euskaldun bihurtzeko, badakigu ez daukagula.

        Orduko euskaldun berri guztiak [Aresti euskaldundu zen garaikoak], edo gehien-gehienak, euskaltzaleak ziren, euskaltzale petoak. Aldiz, gaurko euskaldun berri asko —ez denak noski, baina bai asko nire ustez— ez dira euskaltzaleak, euskaldunak lanorduetan dira eta lanorduetatik aparte erdaraz bizi dira; eta euskaldungoak ezer gutxi irabazi du horrelako euskaldunekin.

        Lehen euskaraz ikastea euskalduntzea zen, hizkuntza ikasteko ukan dugun aurreneko metodo modernoak Euskalduntzen zeukan izena. Harrotasun bat zegoen euskara ikastean, lotura eraginkor bat ikasleen eta irakaslearen artean, identitate bat euskaltasunaren bidean: arraina ur bila zebilen, arraina uretan bezala bizi ahal izateko. Orain euskara ikastea eta irakastea (beste) hizkuntza bat ikastea eta irakastea da (askorendako), euskara, ez euskaraz (egiten/izaten) ikastea eta irakastea. Lege mailako lorpena, duda barik, bere on-gaitzekin. Forma ikas-irakasten da, ez edukia, hizkuntza bere historiatik, bere literaturatik, bere gatazkatik lekora eman eta hartu behar da, ez dago astirik besterako, batxilerrean bertan aplikatzen den politika, EGA azterketa gainditu behar, ez daukagu astirik, nahikoa lan ahalezko formak irakasten.

        Hizkuntzaren irakaskuntza teknokratikoa nagusitu da.

        Horrek bakarrik ez du esplikatzen ahal, seguruenik, dakiena zergatik ez den izatera iristen.

Ibon Sarasola. «Mahai ingurua: Gabriel Arestiren ekarpena eta eragina euskal literaturan». Gabriel Aresti 1933-1975. Gabriel Arestiren mundua. Erakusketa eta jardunaldiak. Bilbao/Donostia-San Sebastián, 2000

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus