JOAN-ETORRIA GURE BURURA

 

        Orixek harreman berezia zeukan hizkuntzarekin. Jesuitek aurrena eta Bilboko politiko abertzaleek ondoren erdaraz ohitu zuten, antza. Txillardegik esana du lan intelektual hutsa izan zela Orixek euskara kultur hizkuntza bihurtzen egin zuen ahalegina, hizkuntza hila izan balitz egin zezakeen berbera.

        Orixe 1954an itzuli zen Ameriketatik eta Euskaltzaindiko bileretara joaten nintzen urte haietan, Orixe joaten zenetan erdaraz hitz egiten zuen normalean euskaltzainekin. Esan beharra dago Orixe izan zela euskaltzaletasunak sortu duen lehen idazle profesionala. Baina Orixe ezagutu genuenok zalantza gutxi dugu bere erdalkeriaz. Ramon Labaieni behin eta berriz entzuna diot: gerran bestaldera joan zelarik, Saran bere aitak, Antonio Maria Labaienek, etxean hartu omen zuen; eta erdaraz hitz egiteko zuen ohitura horrekin harrituta-edo, behin ea bera bezalako euskaltzale batek beti ere erdarara jotzea ez al zen bekatu mortala galdegin omen zioten, eta Orixek baietz erantzun omen zion, bekatu zela, baina «bekatu beniala». [...] Guk, orduko gazte abertzaleok, gure herriaren mintzabide bihurturik nahi genuen euskara. Hortxe sumatzen zen bi euskaltzale belaunaldien arteko etena.

        Nola hitz egiten ote zuten elkarrekin Lizardik eta Orixek? Gutunak elkarri euskaraz idaztea, idaztearen jarraipen hutsa ote zuten? Lizardi tarteko ez zeukatenean, euskaraz aritzen ote ziren euskaltzale suhar haiek denak? Liriko hark bazeukan barrenik ez entzunarena ez egiteko. Joan-etorri bat Donapaleura lagunekin autoan euskaltzaleen festara, kronika antologiko bat bihurtuko zena bere luman. Zer bildu du, egun-pasa eder honetan?

        Gure anaia hauen artean, mugaz honuzko alderdiko euskaldunen eri berberari ohar natzaio. Buru-jantzienak, jakitez ertenenak, euskeraz ahal duten gutxien ari izaten dira, nahiz jardungaia erreza izan...

        Tristura handi bat, eta susmoa hartzen dugu kronikako dialogoak ez ote daudenetz euskaratuak.

        Gerraurreko euskaltzaleek ez baldin bazuten euskara mintzabide, ulergarriagoa egiten zaigu Ibar anti-intelektual samar agertzea, lehentasuna «erabilera biziari» ematea, autokritika bezala uler liteke. Lan handia egin zuen herriaren esamoldeak biltzen, klase politiko-kulturalaren «erabilera motelari» adierazkortasun makuluak ematearren... edo ahozkotasunaren harribitxiak jasotzearren hizkuntza hil aitzin.

        Sumatuz euskaldunak ospetsu nahian

        guretik deus ez duen hizkuntza mihian,

        sofritzen egoten naiz horien erdian

        gutaz ahalgetua, nigarra begian.

        Krutwig eta Txillardegi azaldu arte, euskaltzaleek propaganda euskerista egiten zuten nagusiki. Gerraondokoek ekintza bitarteko propaganda egin zuten, politikan bezala hizkuntzan. Anakronismoen zokora igorri zituzten baskistak, koherentzia linguistikoa gure kulturaren motorra bihurtuz. Hegoaldean bederen.

Joxean Agirre. Hitza hitz. Txillardegirekin solasean. Elkar, 1996

Xabier Lizardi. «Donapaleura yoan-etorria». Euzkadi, 1929-12-25

Xabier Lizardi. Kazetari-lanak. Erein, 1987

Xalbador. «Nigarra begian». Odolaren mintzoa. Auspoa, 1976

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus