Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

 

HIZTUNEK LEKU

 

        Gaza txipi ugaritan gaude zipriztinduak euskaldunok. Horrek edonontasuna ematen dio euskarari. Kontuan hartzekoa da. Besterik ez daukagulako ere izan liteke kontuan hartzekoa, ados. Zentro (txipi) asko ditugu, buruanitzak gara, baina Hiria dugu eskas, nukleo gotor bat, kultur kontsumoa bideratuko lukeena berbarako, gure Bartzelona gure Paris gure New York, edo, beste barik, gure neguko kaserna.

        Hiri posible hori, Donostia zela edo izan zitekeela uste izan dugu luzaz.

        [...] euskaldun dentsitatea kontuan hartuta, Donostian espero izaten da aldez aurreko hautaketarik gabe, taberna, denda edo kiosko batera gerturatuz gero, euskara naturaltasunez erabili ahal izatea; baina, noski, gehiegitan ez da horrela gertatzen. Ondorioz, errazago da Donostiako euskalduna erregistro linguistikoa aldatu beharrean aurkitzea, egoera frustragarria benetan.

        Frogak ematen bizi gara. Bagarela. Oraino hemen.

        Ez da samurra gure Gaza txipietarik lekora.

        Ozta bada ozta, bizi garela ari gara esaten, hemen garela, leku eske. Hori dauka hizkuntza batetik bestera ibiltzeak, leku egitea, apurka, zeharbidez, sinbolikoki. Euskaldun dentsitate txipian bizi diren hiztunek, euskararen gotorleku hesituan sortu ohi den elkartasun linguistikoan kukuturik, ez daukate ahaltasun hori.

        Trinkotzea ongi dago, euskal mundu bat eraikitzeko ezinbertzeko baldintza baita. Ez dakit, hala ere, trinkotze horrek ez digun halako autismo bat ekarri, alegia, ghettorako joera arriskutsua, euskal komunitatetik kanpora ezin begiratua, jende normalarengandik urruntzea eta erabakiguneetan zer mamitzen den ez ohartzea.

        Aingeru Epaltzak leialki ageri du gure ahuldade nagusia: gu ez gara normalak, partikularzki ez daukagulako erabakigunerik, gizartea inplikatuko duten deliberoak gutaz haraindian direlako hartzen.

        Gatazkan dago (euskararen) bizia. Ez Gatazkan, gatazkan baizik, gatazka zehatz eta jakinetan, beste anormal horien aurkarteko.

Ramon Saizarbitoria. Aberriaren alde (eta kontra). Alberdania, 1999

Aingeru Epaltza. Etxean otso, kanpoan... deus ez. Euskaldunon Egunkaria, 2000-07-06

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus