HANDIEN PARANOIA

 

        Euskarak literaturarik ez baleuka, idazlerik ez balu, idatziko ez balitz agian zuzenago galdetuko ligukete beste zergatik hori, beren jendetasunaren azpian atzematen dugun hori, bai, idaztearen oinarrian hitza baitago. Jakin-min intelektualaren antza hartzen du galderak, gure ona nahi balute bezalako begitartea egiten digute eta menturaz sinetsiak daude mesedea egiten digutela aukera bat eskaintzen digutenean berean.

        Espainiar bati inoiz bururatuko ez litzaiokeen esaldi bat idatzi zion Gombrowicz-ek Czeslaw Milosz-i gutun batean: «Hemendik ehun urtera, artean gure hizkuntza existitzen bada...». Hizkuntza agoniatsu batean ari naiz. Horrek idazle agoniatsu bihurtzen nau? Euskal idazle batzuk baino gutxiago, beste batzuk baino gehiago, norberak bere neurrira diseinatzen ditu-eta paranoia linguistikoen dibanetik libratzeko estrategiak. Baina paranoietatik urrutien dagoen euskal idazlea ere neurriz kanpo kezkatzen du euskararen kolesterol-tasak. Eta kazetariek beti-beti galdetuko diote baita euskal idazle ustez kosmopolitenari ere (eta, beharbada, kosmopolitenari gehiago):

        —Zuk zergatik idazten duzu euskaraz?

        Hizkuntza hegemoniko batetik soilik begiratzen duen eta bere hizkuntza zurea baino duinagoa dela uste duen errespetugabe baten galdera da.

        Hain zuzen, hizkuntza menostu eta zanpatu batean idaztea izan liteke idazteari berari hainbatek deritzon absurdua ken liezaiokeen arrazoi bakanetarik bat. Zergatik idatzi gaztelaniaz frantsesez ingelesez? Absurduaren ezin gehiagoa da idatziaren gainean idaztea.

        Txipian denok gara ezinbesteko, edertasun hori daukagu.

Anjel Lertxundi. Eskarmentuaren paperak. Alberdania, 2009

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus