AUTODEFENTSA

 

        Señoritoek edo sasi-intelektualek baserritarra menosten zuten antzera mespretxatu zuen menditarrak kalekoa, zer esanik ez etxean otsein euskaldunak zituen erdaltzalea.

        Kaiku hitza, esaterako, burla horien isla da: artzain eta abeltzainen tresna da batetik, izen arrunt bat, eta (horregatik hain zuzen) ergel, baldres, pitoa adierazten duen adjektiboa bestetik.

        Kaikuok ahal izan genuen moduan defendatu ginen.

        Eta ez da kasualitatea Pernando Amezketarra, kalekumeei —eskribauari, apezari, txinelei, aberatsei...— adarra jotzen zien hitzaren heroi hura, artzaina izatea.

        Ez zuen esan onik, kaleak. Hiritarrari txankame(he) esan izan zaio eta, oro har, kalekume.

        Kalekumea izatea, belarrimotza izatearen bezpera zen. Motza, belarrimotza, esan eta esan eta ulertzen ez duena. Gorra, erdaltasunaren adibide noblea.

        Ortega y Gassetek usteko ez zuen arren erdaltasuna moztadea da, handitasunak sortua, inorena entzuteko eta ikusteko ezegintasuna.

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus