EUROPAKO LEGEBILTZARREAN

 

        Josu Jon Imaz euro-parlamentariak euskaraz egin zuen Bruselako legebiltzarrean 1994ko egun lorios batez. Mintzaldi sinbolikoa izan zen, hunkigarria ezin barnago!

        Europako hizkuntzarik zaharrena zela esan nien, eta gure nahia zela Europan ofizialtzat hartua izatea.

        Gure antzinatasunaren aldarri hori, funtsean, eskale izateko molde noble-usteko bat besterik ez da eta, zer duda egin, gure burgesiak hizkuntzaren aldeko lanean ageri duen inplikazio ezaren froga nekez gardenagoa.

        Europako zaharrena...

        Bestelako arrazoirik ez daukagun bitartean, hala izanen gara.

        Funtsean, diktadura frankistak euskara onar zezan Zakarias Bizkarra monsinoreak 1939an erabilitako argudio bera da.

        Zertarako nahi dugu euskara ofiziala Europan? Kalte-ordain historikoren baten galdean al gabiltza? Zer eskubide daukagu guk Europan ofizialtasuna eskatzeko, geurean, Euskal Herrian, Hego Euskal Herrian, Euskal Autonomi Erkidegoan, gure hiriburu administratiboan, gure legebiltzarrean, ofiziala ez baldin bada? Josu Jon Imaz guztien amets koldarra (Josu Jon Imaz ugari dago, eta ez dira denak PNVkoak), honakoa dugu: Europak onartzen bagaitu, Espainiak eta Frantziak amore eman beharko dute...

        Europak onartu izan du —ez barne-kalapitarik gabe, egia esateko— gureak baino hiztun gutiago dituen mintzairarik: Europako Batasuneko hogeita hirugarren hizkuntza ofiziala bihurtu zen maltera 2004ko maiatzaren lehenean.

        Laurehun mila hiztun ditu, baina Malta independentea da...

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus