Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

 

—2—

 

        Geurea omen da errua, geuk abandonatu (izan) dugu hizkuntza.

        San Anton elizan, Bilbon, bada idazkun bat 1634ko martiri zibilen oroitarri. Espainiako erregeak bere esku nahi gatza. Foruek ez zuten horrelakorik onartzen, salatu zuten, monopolioak komertzioaren mugatzea ekarriko zuen, matxinatu ziren, oinarrizko hazkurrien garestitzea.

        Felipe IV.aren interesen aurka herriarenen alde altxatzeagatik zituzten urkatu garrotatu Aiorabide, Morga, Larrabazter, Bizkaigana anaiak, Urtusaustegi... Abokatuak eta ferratzaileak, Bizkaiko jende prestua, une bateko buruzagiak. Bizkaitar xumeek, euskaldunen masa osatzen zuten haiek Gernikako batzarra okupatu zuten. Populuaren berba nagusitu zen orduan, euskaraz jardun ahal izan zuten aurrenekoz Gernikan.

        Espainiako koroaren aliatu zintzo jokatzen zuten Bizkaiko merkatari handiek laguntza eskatu erregeari. Ciudad Realeko dukea heldu zen tropa blindatuarekin, Idiakeztar bat, zestoarra, militar kasta higuineko euskalduna. Eta Bizkaiko jauntxoek forua manipulatu zuten ostera, Batzar Nagusirako eskubidea gaztelaniaz irakurtzen eta idazten ez zekien orori ukatuz.

        Euskalduna matxinatzen bada, bere hizkuntzak nozituko du.

        Hizkuntza arazoek arazo sozialen alderdi linguistikoa osatzen dute.

 

 

urkatuaren eztula

Bilbon zelako estura

gure mihian burges etoiek

bertoko gatzik ez gura

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus