ESTETIKA BAT ZATARRARI

 

        Iritzi bastarta deritzo bere planteamenduari, ez umorerik gabe: gogoeta ezin interesgarriagoa du egina Fermin Etxegoienek identitateaz eta hizkuntzaren etorkizunaz, artean inork landu ez duen hizkuntzaren indar edo ahultasun estetikoaren ikuspuntutik.

        Baina etorkizunerako proiekzioa eginez gero, euskara hedatzerako orduan 'akuilu' nagusia izan zenak (nazio-identitatea) jada ez duela modu berean eragiten iruditzen zaigu. Gainera arrazoia ez dela abertzaletasunak beheruntz egin izana (goruntz ari baita), arestian aipaturikoa baizik: abertzaleen artean ere berdin-berdin agertzen ahal zaigula 'kili-kolo' hizkuntzarekiko identitate-koherentzia hori, hizkuntzarekin bat egiterakoan orain eta hemen gora-behera estetikoek zer-esan handiagoa dutelako gugan 'beste edozelangoek baino'; estetiken arteko lehia horretan, ondorioz, egun ere hemengo erdarak ageri dira txapeldun.

        Hartu beharrekoa guztiz Etxegoienek zabaldu duen bidea, hizkuntzaren erabilera kualitatiboak —gure euskalgintza bulegotuak, antza, entzunikusi egin nahi ez duen gaia— ekoizten dugunaren atertu bako kritika, eztabaida eta hobekuntza ekarri behar lukeelako ezinbestez. Zinezko euskalduntzeak ez du nostalgiarik onartzen, mugituko bagara handitu hedatu hobetu eginen bagara atertu gabe behar dugu geure burua balantzan paratu.

        Bestalde, garrantzia eduki lezake, ene aburuz, nagusitu zaizkigun estetika horiek aztertzea eta arrakastaren oinarriak argitara ekartzea, zeri esaten diogun arrakasta.

        Nire belaunaldiak ezagutu duen euskararen indar estetikorik handiena kontrakulturan hartu zuen, kasik euskal kultura osoa zen kontrakultura 1960-70 hamarraldietan, aldi berean oldartu zen frankismoari eta euskarak mendeetan bideratu zituen balio atzerakoien aurka.

        Ba ote dago kontrakultura bat egiterik egun?

        Zein ote litzateke —kontrakulturak erakarri eginen lukeela suposatuz— kontra egin behar litzaiokeen kultura?

Fermin Etxegoien. Neurona eta zeurona. Hizkuntza 'estetika' bezala. Pamiela, 2004

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus