Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

 

GURE GEOGRAFIA

 

        Literaturan Arestik obratu zuena, Oskorrik gauzatu du musikan, kantuan. Euskal folk talderik onena Bilbon sortu zen (inork espero ez bezala), eta bertakoa izaten jarraitzen du azken hogeita hamabost urteotan. Arestiren antzera Euskal Herri alienatu hartan gauzak aldrebes ikusten hasi ziren gaztetxo haiei zor dizkiegu Gora ta gora beti Lapurdi, Furra furra fandangua, Violetaren martxa, Aita-semeak, Gaztelugatxe, Guretzat berdin dira... Egun, euskaldun guztion patrimonioa diren erreferentzia ludiko-kulturalak ditugu kantuok.

        Lezamako jendia jende modu pobria, kantatzen zuten alboko herrietan; Txorierriko herririk aberatsena, motelena, burjesena, beldurtiena, hitz batetan, pobreena. Neska-mutilen artean erdara besterik ez zen aditzen, batzuek euskara bakarrik jakin arren; hoik erdaraz mintzatzen ikustea benetan zen barregarria; Chomin del Regato edo Pello Kirten ematen zuten, baina euskara, normalki, txakurrari edo umeei egiteko erabiltzen zen (...). Hamasei urte nituela neure herritasunaz konturatu nintzen, eta Bilbon nengoela, erabaki nuen euskaldun moderno bat izatea, gaurko euskaldun hiritar bat izatea.

        Natxo de Felipek euskaltasunaren atlasetik kanpo zegoen leku batean hartu zuen euskaldun modernoa izatearen deliberoa.

        Euskararen geografia ez da atlas linguistiko bat.

        Gure kantari eta musikariaren erabaki horretan garrantzi berezia eduki zuen, hain zuzen, euskararen eremu barruan bizi zirenen erdalkeriak. Euskararen geografiak alienazioaren aurkako borroka luze baten toponimia dauka.

        Xabier Gereño kartzelan sartu zuten Bilbon euskarazko klaseak antolatu nahi izan zituelako 1940ko hamarraldian.

        Bilbon sortu zen Maskarada taldea, euskal antzerkiaren aurreneko profesionalak.

        Lehenengo ikastola modernoa ez zen ez Tolosan ez Elizondon ez Saran ez Lekeition sortu, Bilbon sortu zen 1957an.

        Bizkaian Gallarta eta Gallartarik ez bizkaieraren barruan, bai euskararenean. Gallartako institutuan —Dolores Ibarruri du izena—, euskara polito menderatzen duten nerabez betetzen da gela handia euskal idazleren bat joaten zaienean hitzaldia ematera. Euskaldunak dira, euskaldun konpetenteak, euskaldun eredugarriak, bizkaiera ulertzeko zailtasunak dauzkaten gallartatarrak.

        Je me suis mis à écouter une nouvelle génération d'occitanistes, celle entre vingt et trente ans, qui taille, dans la langue que je lui ai enseignée, le parler de ses journées. Qui parle aussi peu dialectalement que possible et ne sait plus le patois. Mais qui parle tout le temps un langage où il sait tout dire.

        Euskara ez da dialekto multzo bat.

        Euskaldun berriek apurtu egiten dituzte mugak, oasiak sortzen dituzte basamortuan, euskaldun berria hizkuntzaren ahalak eta ezinak gurutzatzen diren puntua da, beste milaka puntu posibleren lotura.

Xabier Kintana / Joseba Tobar. Euskaldun(berri)ekin hizketan. Natxo de Feliperen lekukotza. Cinsa, 1975

Aitor Zuberogoitia / Pedro Zuberogoitia. Bertan Bilbo. Bizkaiko hiriburua eta euskara: XX. mendeko historia. Bilboko Udala, 2008

Robert Lafont. Vingt lettres sur l'histoire à ces cons de français et ces couillons d'occitans. Vent terral, 2005

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus