IRLANDA SIN GAÉLICO

 

        Hainbat hizkuntza ikasi zituen Jon Mirandek, Irlandako gaelikoa bat. Apailatzaile gisa bere adiskide Txomin Peillenek 1961ean datatzen duen «Kultura eta folklorea» artikuluan, Irlanda dakarkigu ez-egitekoaren eredu, gure folklorezaleak hondamendira daraman bazterbide itsuan zebiltzala salatuz:

        Hala Irlandan, non eta abertzale kar batekin hasi baitziren joan den mendean, gaeliko atleta-kirol, gaeliko dantza, gaeliko 'hurlin', gaelikoa (hizkuntza) hiltzen ari zen bitartean; ondorio bezala, gaur, herri aske den batean herri kontzientzia egiazko baten hutsunea, eta bere ondorengoekin: kanpotar zapalketaren denboran baino ingleste sakonago [...].

        Jon Mirande ez zen iritzi pertsonala ematen ari, Eireko Errepublika sortuz geroztikako liburu batean ikasi zituen horiek denak, eta gazte batek idatzirik: Saoirse gan Sô («Joritze gabeko askatasuna» Miranderen itzulpenean), Seân de Frêine, Dublin 1960. Eta akuilagarri izan nahi zuen «Hala izanen ote da Euskal Herrian?» triste batez amaitu zuen artikulua.

        Herri baten heriotza aipatzen delarik ez da herritarren heriotza biologikoa adierazi nahi izaten, hizkuntzaz eta kulturaz ari baldin bagara.

        I am of Ireland

        And the Holy Land of Ireland

        And time runs on, cried she.

        Come out of charity

        Come dance with me in Ireland.

        Horrelakoa zen Irlandaren asturu historikoa, mendeak joan mendeak etorri lagundu nahi ez inork. Minenean hunkitu omen zuen XIV.eko bertso honek 1916ko hartaz A terrible beauty is born idatzia zen W. B. Yeats, eta I am of Ireland poema eragin: poetak bakarrik behako gozo bat Irlandarengana, baina hain txarrak dira musikariak... Desafinatuko ez balute, ausaz...

        Dantza nirekin Jainkoaren izenean, nirekin Irlandan.

        Milaka estakuru Irlandari kontu ez egiteko.

        But time runs on, runs on...

        Irlandak ingelesez egiten die erregu poetei XIV. mendetik.

        Behaztopa bat gainditu uste izan zuten.

        Mila estakuru.

Jon Mirande. Jon Miranderen Idazlan Hautatuak. Gero, 1976

Jose Maria Larrea. Miranderen lan kritikoak. Pamiela, 1985

William B. Yeats. «I am of Ireland». The Winding Stair and Other Poems. Macmillan, 1933 [1975eko ediziotik hartua: W.B. Yeats. Selected poetry]

www.britannica.com

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus