EZKER IBARRA

 

        Ricardo Garcia Danboreneak, mitin sozialista batean, alegia, Ricardo Garcia Danborenea Alderdi Sozialistakoa zelarik, urtetxoak dira, euskaraz hitz batzuk esan, eta entzuleek txalotzen hasitakoan zaputza egin zuen:

        ¿Por qué aplaudís si no entendéis? No seáis borregos como esos del PNV.

        Galdera erantzun gabe utzi zuen.

        ¿Por qué aplaudís?

        Zergatik txalotu zizkioten euskarazko hitzak PNVkoak ez ziren haiek, hizkuntza sakralizatua ez zeukaten erdaldunek, euskara aberriaren sinbolotzat hartzen ez zuten paisano haiek, ezker ibarreko erdaldun ez-abertzale haiek?

        Ze, txalotu egin zuten, guztiok ikusi eta entzun genuen teleberrietan.

        Garcia Danboreneak bazekien txalotu eginen zutela, masa hark, herrije langile hark, euskara entzun eta «ulertzen zuelakoa» eginen ziola. Bazekien baina oker zegoen, masa hark ez zuen egin «ulertzen zuelakoa», baizik eta «ez zuela gorroto» adierazi, «beraiek ere» euskara zekitenak bezalako herritarrak izan nahi zuten. Une hartan, Garcia Danboreneak hautesle sozialistak ridikulizatu zituen hartan gauzatu zen euskararen historia txipian aldian behin gertatzen diren ustebako miresgarrietarik bat: herririk erdaldunenak, publizitate antieuskaldunaren aurrean defentsa gutien dituen masa hark, errespetua azaltzen dio euskaldunen hizkuntzari.

        Helburua PNVkoak edo abertzaleak barregarri uztea zen eta, bide batez, «beraiek ere ulertzen ez duten hizkuntza hori» bere lekuan paratzea: goldea etxaurreko belardian, abertzaleen etnokeria bat.

        Hitzaren aurkako hizkera, Danboreneak.

        Une hartan, oholtzan pantomima zabar bat antzezten zietelarik, «gure buruzagiak badituk beste horienak bezain» pentsatu zuten ugetistek, beren munduaren zatitzat hartu zuten euskara.

        Aldea, buruzagi sozialista haren eta herri sozialistaren artean.

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus