IKASITAKOA BIZI

 

        Hila bezala dago, baina arnasa ematen du. Edonon eta edonoiz. «Salmantinoz betetako» Bilbon, esaterako, eta diktaduraren urterik ilunenetan.

        Aprendí el euskara como si se tratara de una lengua muerta, y de pronto comenzó a cobrar vida a través del contacto con mi pueblo.

        Horrelakoa da euskararen indar ezkutua. Kontaktuan, pindarrak sortzen ditu. Erdaldunari zaiona baino isilago dago euskalduna, euskaldunek berek, frankotan, ez dute jakin izan euskalduna zutela aldamenekoa.

        Orain hogei urte,

        hormigoi armatuzko erraldoirik

        sortu aurretik

        nire adineko mutiko bati

        «agur» esaten entzun nion nik

        jadanik ez dagoen belarrez sorturiko eserlekutik

        jaikitzen zelarik.

        Hau jazo zen

        ume koxkorra besterik

        ez nintzelarik,

        etxera abiatu ahala,

        eta agurrak

        nora eraman behar ninduen

        ez nekien garaian.

        Uztai voltaikoa sortzen du euskarak, polo batetik bestera.

        Hizkuntzak tresna konplexuak bihurtzen ahal dira, endemas denik ere ez dakiguna ondoan daukagula erakusten digutenean.

Gabriel Aresti. «La poesía es un medio de educación de las masas» elkarrizketa. Triunfo, 1975-07

Gabriel Aresti. Artikuluak. Hitzaldiak. Gutunak. Susa, 1986

Kepa Fernandez de Larrinoa. «Agur esatea». Gauerakoan. Susa, 1984

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus