BILBO 1

 

        Etsipena landare zaharra da intelektual euskaldunetan, eta etxe barruan sortua da.

        Ni beldur bainaiz, arraiook, beren politikarekin, euskal egunaria hila sortuko ote duten.

        Orixek Lizardiri eginiko aitorpena da 1929an: etsiak hartua dago egunariaz, egunkariaz.

        Lizardik sustaturiko asmoa izan zen euskarazko egunkari bat sortzea, «Bai» izenekoa nahi zuena, hainbeste «Ez» entzuten nazkatuta. «Ez», noski, abertzaleek esaten zuten, ukoa ez zen kanpoko eragozpenek ekarria.

        Erdaldun gutik sinetsiko lukete euskara ondasun partikulartzat hartzen saiatzea salatu zuten aurrenekoak euskaldunak berak izan zirela, euskal idazleak, abertzaleak gainera: «arraiook», alegia besteok, gu ez garen baina gu haietarikoak gaituzten amorragarriok, dena manipulatu nahi luketenok, maitakiro ito egiten gaituztenok, hori idatzi zuena Euzkadi egunkariko euskal atalaren arduradun zegoen Bilbon, alderdi jeltzalekoa genuen buru-bihotzez, eta Lizardi GBBko idazkaria izan zen handik laster.

        Gezurrak liluratuta bizi danak bere buruaz uste ditzake hainbat gauz eder; egiak, ordea, egi errukigaitzak, hesiko du gau ta egun, ta ez dio barkatuko harik eta zapaldu arte, birrindu arte. Zori horixe dagoku eskeinka, aspaldiko mendeek barrena gehiegi bazkatu baititugu geren gogoak aberkoi-usainezko gezurrez.

        Euskaldunak bi nazionalitate ditu (gutienez), eta euskarak ematen diona du bat, aberkoi-usainak ez baitu asetzen: euskaltasuna, ezinbestez, beti izan da post-abertzalea.

Orixe. Gutunak (1917-1961). Utriusque Vasconiae, 2006

Xabier Lizardi. «Egia ikus dezagun, ama!». Argia, 1930-05-04

Xabier Lizardi. Kazetari-lanak. Erein, 1987

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus