—10—

 

        Ukoa dute eragile.

        Gaztelania edo frantsesa baino ez-katalanera ez-euskara ez-galegoa ez-bretoiera ez-korsikera ez-okzitaniera litzatekeen leku linguistiko batean kokatzen dira maiz espainiartasuna zein frantsestasuna.

        Ukatuak etsi egiten du batzuetan, amorratu egiten da bestetan. Oldartu egin liteke, apal bada apal.

        Ukoak ukoa sortzen ahal du, ukoaren ukoa, dialektika.

        Dominatzaileek, (besteren) hizkuntzak menosten dituztenok, ez diote dialektika esaten, nazionalismoa esaten diote, beraiek larratzen ez omen duten (gutiengotuok erein) belar gaizto horri.

        Errepublika izan edo monarkia izan, estatuaren batasunaren izenean aritzen zaizkigu, baina ez dira (bestelakoa den) inorekin bateragarriak.

        Bakartasuna dute helburu, bakartasun linguistikoa, inperialismoaren etxebarruko aldaera hori.

 

 

neguan zabal hondartza

promes galduen lorratza

zokora bota ziguten berba

oraino zokoan datza

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus