ERAKARTZEKO EZINTASUNA 2

 

        Sobera erraza da besteren uste okerrari trufa egitea. Gaitzagoa egiten zaigu nola ikusten gaituzten jakitea eta onartzea, ispilu bat behar dugu konformismoan eror ez gaitezen.

        Gutan, zer izan liteke erakargarria?

        Zer sortzen ote dugu guk, euskaldunok, geure buruarendako?

        Zein ote da gure eredugarriaren kontzeptua?

        Ukrainaren proletartzea ez da bazar-vokzal, begitarte ilun, buru motz eta txandalen modan bakarrik ageri. Antzinako errusiartzea ere bada, berrehun hitzeko hizkera edo pidgin errusiar hori. Azken finean, gure gizarteak gehien maite dituen pertsonaiek darabilten hizkera da: krimen antolatuaren partaideek, pop musikako izarrek, aberastu berriek. Oinezko herritarra konturatu da jende honek ez duela hizkuntza ukrainarra behar izan arrakasta lortzeko. Zergatik gertatu behar zaie baliagarria beraiei? Honela jarraituz gero, gerta litekeena iduritzen zait hurrengo bi belaunaldietan desagertzea hizkuntza ukrainarra pertsonen arteko harremanetarako tresna bezala.

        Hizkuntza ofiziala ukrainera duen estatua daukate ukrainarrek.

        Berrogeita sei milioi dira, eta %30 da errusiera-mintzaile hutsa. Hedadura murritzeko hiztuneria errusiar hau, nola bestela, gehiengoa da Kiev hiriburuan.

        Gure «erakargarritasun ezak» erdaldunek sumatzen ez dituzten eta euskaldunok garbiki esaten ausartzen ez garen arrazoiak dauzkake.

Yuri Andrujovich. El último territorio. Acantilado, 2006

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus