Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

 

ZEREMONIA BAT

 

        Aste guztian ordeztu gabe eduki du eraztuna eskolako umeak.

        Agotaren belarria, juduaren izar horia, izurriteak kutsaturiko izugarria da euskalduna eskolan, marka hori, bestek jakin beharrekoa nor, bazterketarako identifikazioa, nortasun kriminal bat. Anormaltasunaren kontzientzia sortzen dio eraztun horrek. Etxeko hizkuntzak zigorra besterik ez dakarkio. Haurrak bere burua gorrotatuko du gero, aski euskalduna ez bada, euskalduna izateagatik.

        Euskaraz entzuten zuen hurrenari pasatu behar dio.

        Salatzailearena egin behar du haur euskaldunak eskolan. Salagarria, euskara da. Gaiztakeria. Salatzekoa, euskalduna. Gaizkilea.

        Eta lagunen bat euskaraz entzuten duelarik, hari behar dio, eraztunarekin batera, hizkuntza bera eman: eraztuna kentzen duelarik, euskara kentzen du gainetik.

        Dibortzio linguistikoaren zeremonia da.

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus