—8—

 

        Maketo batek, Sarrailh de Ihartzak, alegia, Federiko Krutwig-ek ipini zigun zuzen batekoz bestera zegoen pentsamendua, Aranaren tesi antimaketoak nabari samar daukan antitesia proposatuz, gure aberraziorik handiena euskaraz eginen ez lukeen Euskadi bat izanen litzatekeela, eta ez euskaraz eginen luketen maketoz beterikoa.

        Maketo bat euskaraz ez da inoiz maketo ez kanpotar: euskalduna da, «euskaldun garbia», gure zaharrek esan ohi duten antzera, nik behintzat zaharrei «euskaldun garbia» beti entzun izan diet Euskal Herrian jaioa ez den euskaldunari aplikatua.

        Abertzaletasun historikoak beharrezkoagoak izan ditu maketoak, euskara baino.

        Euskarak beharrezkoagoak izan ditu maketoak, abertzaletasun historikoa baino.

        Espainiazaleek uste dutenaz bestera, abertzaletasunak berak teorizatu zuen euskararen marjinazioa, euskararik gabeko nongotasuna proposatuz. Abertzaleak justifikatu egiten du erdalkeria, baldin eta aberriaren maitasunez egina bada. Ondorioz, aberriaren maitasunak erdalkeria ekarri ohi du.

        Hizkuntzek hiztunak behar dituzte.

        Hiztunek egiten diote leku, lurrean.

 

 

sagasti bizar zuria

eman emeko euria

fabrikarako bidean zure

solas apal urduria

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus