IRUÑAN

 

        Idaztea, debekatuan idaztea, euskaraz idaztea 1939ko Iruñan, zer da, zertarako, norendako?

        Aurten, euskaraz idazten jarraikiko ote naiz? Nere maite batek atzo erraten zidan: «Gure adiskide euskaldun bat, euskar idazle hoberenetarik, bahitu edo bildu zuten, aurkitu ziotelakoz bere idazteko mahai gainean euskaraz idatziriko orri bat guduaz zerbeit mintzo zena. Zuk ere hori egiten baduzu, begira zaite!

        Nere baitan, geldi-geldi, ixil-ixilik egon ondoan, ez dakit zer egin. Zinez, ene lanek garrantzi handirik ez dute; baina nik euskara maite dut.

        Huntaz landara, euskara hizkuntza ederra da; mintzo eztia eta goxoa da; ezin gehiago mamitsua: ez naiteke hura maitatu gabe egon. Eta euskara maitatzea ez ote da hura erabiltzea eta ahalik hobekiena ikastea eta idaztea?

        Euskaraz hitz egiten edo euskaraz idazten, ni barne-barnetik euskalduna naiz eta euskaldun gisaz jokatuko naiz.

        Huntaz lanadara, euskaldun asko baditut maite ditudanak eta heken gehienen berririk ez dutalarik, ni hemen nago hek guztiak gogoan, hekengana bihotza ixuria eta emana; horgatik euskaraz ari naiz, ari naizen bezala.

        Idaztea, debekatuan idaztea, euskaraz idaztea 1939ko Iruñan, etorkizunaren itxaropenean bizitzea da. Ez etorkizunaren itxaroan, itxaropenean baizik. Geroa ekartzea da murriztuan aritzea. Etorkizuna ereitea.

        Gizatasunezko mundu baterako.

        Egitate politiko arriskutsua.

Fermin Irigaray, Larreko. Gerla urte, gezur urte. Iruñea 1936-40, isiltasunean mintzo. Pamiela, 1993

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus