Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

 

PENTSAMENDU DEPENDENTEA

 

        Ez omen lukete batzuek hain erraz lotuko euskara eta terrorismoa, ETAk euskara erabili izan ez balu komunikatuetan eta elkarrizketetan.

        ETAk euskara erabili ez balu...

        Euskara ez omen litzateke izanen terroristen hizkuntza.

        ETAk euskara erabili ez balu...

        Independentista amorratuenek erdaraz jarduten dutela argudiatuko liguke behatzaile neutralenak leunkiro: froga gardenagorik gure hizkuntza ez zaiola inori interesatzen...!

        Orain, demokrazian, terroristena.

        Aspaldi gabe, diktaduran, separatistena.

        Altxamendu Loriosean, Jainkoaren etsaiekin bat eginiko Espainiaren etsaiena.

        Lehenago, errepublikan, harpetarrena, kabernikolena.

        Azken karlistadan, XIX. mende amaieran, Bilintx, Ramon Artola, Serafin Baroja eta euskal kantagilerik onenak liberalak ziren, batzuk fusila boluntario hartuak. Nagusitu egin ziren, baina Don Karlosek irabaztera foruenak eginen zuela kantatu zutenok ezin izan zizkiguten bermatu.

        Ematen du boluntario karlistek zein liberalek foruak eta euskara bera entregatu behar izan zituztela armak entregatzearekin batera, ordukoak dira «Ama euskararen heriotza» ideiaren inguruan sortu ziren bertso sail ugariak.

        Ez genuke euskararik gabe bizi nahi, eta halarik ere...

        Ameto politiko batek ekarriko ote digu hizkuntzaren errespetua? Gure buruaren mutilazio batek bermatuko ote digu hizkuntzaren unibertsaltasuna?

        Historiaren eskubideari uko eginda bizia hobetuko lukeen lehenengo hizkuntza izanen litzateke euskara.

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus