GIZAKIA HIZKUNTZEN AURKA

 

        Gizakiok garenez eskubide-subjektu, hizkuntzek ez omen daukate eskubiderik.

        Esaldi biribilek mututu egiten gaituzte, demaseko argiak argazkia erretzen duen bezala.

        Las lenguas no tienen derechos. El castellano no los tiene, pero tampoco el esperanto ni el euskara. Son las personas, somos los hablantes quienes tenemos derechos. Los derechos lingüísticos son derechos a la lengua (a usar la que queramos) y no derechos de la lengua.

        Hitza ez da gizakidun.

        Gizakiok gara hiztun.

        Hizkuntzak ez dira gizakidun Carta Magna batek horrela izendatzen ez baditu.

        Zergatik ez daukate ukrainarrek ukraineraz jarduteko eskubiderik, Europako Batasunaren mugapean egon arren, Almeriako administrazioarekin?

        Zergatik ez daukate espainiarrek espainieraz jarduteko eskubiderik, Europako Batasunaren mugapean egon arren, Ostravako administrazioarekin?

        Zergatik ez du bere eskubide linguistikoa gauzatzen ahal donostiar euskaldunak Santanderren, edo gasteiztar euskaldunak Logroñon, edo bilbotar euskaldunak Baionan... edo iruñar euskaldunak Tuteran?

        Europako Batasunean eta Estatu espainiarrean pertsonok ez daukagulako eskubide linguistikorik.

        Pertsonok bagina eskubide linguistikoak genituzkeenak, ez ginateke hemen biziko.

        Kanadan, Québec-etik kanpo dauden hiri handietan, Halifax, Saint John, Sherbrooke, Sudbury, Toronto, Hamilton, St. Catharines-Niagara, Winsor, Winnipeg, Calgary, Edmonton eta Vancouver-en, administrazioak ingelesa ez ezik frantsesa ere onartzen eta erabiltzen du, hiri horietan guztietan frankofonoak %5 direlako gutienik. Arau berdina dute hiri txipiagoetan. Horrenbestez, hizkuntza gehiengotura behartu gabe hartzen du zerbitzu publikoak estatuan barrena mintzaira murritzeko biztanleriaren %94a.

        Kanadan, ingelesa eta frantsesa direlako hizkuntza ofizialak estatuaren eremu osoan.

        Frankofonoak biztanleriaren %21,7 izanagatik.

        Finlandian %8ko gutiengo linguistikoa osatzea nahikoa da udalak finlandieraz ez ezik suedieraz ere jardun dezan maila guztietan. Hamar urtero aztertzen dira proportzioak, eta %6tik jaisten den gutiengoak galdu egiten du eskubide linguistikoa, %8ra iritsitakoak irabazi. Administrazio zentralak bietan egiten du alor guztietan: justizian, hezkuntzan, armadan...

        Finlandian, finlandiera eta suediera direlako hizkuntza ofizialak estatuaren eremu osoan.

        Suedierafonoak biztanleriaren %5,5 izanagatik.

        Poblacht na hÉireann, Irlandako Errepublika: gaelikoa dute «lehen hizkuntza ofiziala», ingelesaren aurretik.

        The Irish language as the national language is the first official language. The English language is recognised as a second official language.

        Praktikan galdutzat emana dagoen hizkuntza horretan mintzo (nahi) den orok dauka gaelikoz jarduteko eskubidea bermaturik Errepublikako eremuan, osoan. Epaitegietan bi hizkuntzatan ematen dituzte sententzia guztiak. Edonongo udaletan egiten ahal dio irlandarrak administrazioari gaelikoz. Gaelikoa, derrigor ikastekoa dute eskolako umeek.

        Gaelikofonoak biztanleriaren %2 izanagatik.

        (Harrotasun nazionalak, antza, talka egin du norbanakoaren askatasunarekin: bi urtetik hona gaelikoa ez da baitezpadakoa eskoletan, hautuzkoa baino. Ingelesa ez da hautuzkoa, norbanakoaren askatasunaren bermea dateke).

        Kanadan, Finlandian, ofizialtzat hartutako hizkuntzen hiztunak dira eskubidedun. Horregatik hedatzen da eskubidea estatu osora, gizakia batetik bestera mugitzen delako bere maleta linguistikoarekin.

        Ofizialtzat hartzen ez diren hizkuntzak ez dira gizakidun.

        Hizkuntza kontuan eskubideduna gizakia izan dadin, eta ez hizkuntza bat edo bestea, gizakiak dituen eskubide zibilen mailan jarri behar dira hizkuntzak aurrena, hizkuntzarik gabeko gizakirik ez dagoenez: anglofonoak eskubideak dauzka Quebec frankofonoan, eta quebectar frankofonoak eskubide berdinak dauzka Kanada anglofonoan barrena. Horrela, eskubide linguistikoa gizakiarena da, eta ez lurralde batena.

        Hizkuntzek ez baldin badaukate berez eskubiderik, nola liteke Espainiako Konstituzioan euskarak, galegoak eta katalanak ez daukaten eskubide nagusi bat edukitzea gaztelaniak?

        Euskara ez delako gizakidun.

        Galegoa ez delako gizakidun.

        Katalana ez delako gizakidun.

        Nola liteke konstituzionalistek eskubide linguistikoak gizakiarenak direla esatea, halakoak bermatzen dituzten konstituzioek ez bezala, Espainiakoak ez baditu estatuko biztanle «ez-gaztelaniadunen» eskubide linguistikoak bermatzen?

        Gaztelania delako gizakidun.

        Iduri luke gaztelaniaren inposaketa modu naturalean gertatzen dela, hizkuntzak berak dakarren kultura handiagatik edo xarma bereziagatik.

        Gaztelania delako gizakidun.

        Euskara inposatuko balitz, ez litzateke berezko indar erakargarri baten ondorioz izanen: egunero ikusten dugu monolingue gaztelaua (Euskal Herrian bizi ez dena, maiztxo) euskarak hartzen duen leku txipienarengatik «Inposaketa!» oihuka. Beraiek ez daukate ez mugarik, ez hizkuntzarik. Estatalistak eta monolingue gaztelaniafonoak dira eremu galego katalan euskaldunetan, edo zentralismoaren morroi intelektualak. Pertsona hutsak izate horretan, lur bat hesitzen dute (zatikagaitza), hizkuntza bat ezartzen dute (bestelako hizkuntzek erasotua).

        Gaztelania delako gizakidun.

        Euskara, galegoa eta katalana lurraldedun direlako: absurdua da lurrak eskubideak edukitzea.

        Hizkuntza zehatz bat kendu behar zaio gizakiari, gizaki huts izan dadin, eta ez... eta ez euskalduna (ez galegoa, ez katalana).

        Gaztelania delako gizakidun.

        Lurraldez lurralde ibiltzen ahal den gizakiak habitatzen du gaztelania.

        Gizaki hutsa, gaztelania mintzo dena da: gaztelania da lurralde bat gizarte bihurtzen duen bakarra. Eta euskara ez mintzatzea gizakia izateko baldintzetarik bat izan liteke.

        Hizkuntzek eskubiderik ez zeukatela ikasi genuenetik hamar urtera, 2009ko hauteskunde autonomikoetan (EAE), Unión Progreso y Democracia alderdiak Mikel Azurmendiren sententziak errepikatu zituen hitzez hitz.

Mikel Azurmendi. «Lenguaje, cultura y sociedad. Ideas para un libro blanco del euskara». Cuadernos de Alzate, nº 20, 1999

Union, Progreso y Democracia-ren irrati propaganda, Rosa Diez-en ahotsean.

www.europapress.es

Timo Riiho. «Finlandiako kasua». Hizkuntza, hezkuntza. Encuentros sobre Lengua y Educación. Sevicio Editorial UPV, 1990

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus