PIZKUNDEA

 

        PNVk ez zuen jakin izan euskara XX. mendeak zekartzan berritasunetara egokitzen. Euskaltzale handienak PNVkoak ziren, eta horrek areagotu besterik ez zuen egin alderdiaren huts historikoa: bakardadean jardun behar izan zuten neke handiak hartuz Gregorio Mujika, Xabier Lizardi, Joseba Zubimendi, Ander Arzelus... gazterik hil ziren intelektual eragile haiek. Apezez eta klerikalez mukuru betea zen alderdia, baina ez zuten ahalegin mendrenik egin —utzikeriaren ulerbide bat besterik ez da— euskara Elizaren eskola sarean sartzeko era planifikatuan. Gernikan 1922ko irailaren 16an Alfonso XIII.a erregearen aitzinera irten zirelarik Universidad Vasca eske, Joseba Leizaolak eta enparauek ez zuten euskal unibertsitaterik eskatzen.

        Nazionalistek festak, ospakizunak, lehiaketak, bazkariak, Egunak (Bertsolari Eguna, Olerti Eguna, Antzerti Eguna...) antolatu zituzten hizkuntzaren inguruan. Bizpahiru poetaren lanak baliatu zituzten beren kontzientzia lasaitzeko eta urrezko aro batean bizi ginela predikatzeko. Eta poetek askatasun liriko apur bat hartu nahi izan zuteneko zartailua inarroska zeukaten Aitzol, Pizkundea asmatu zuen euskaltzale erdaramano hura.

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus